Mundua -
Gerra zibila Libian
Gutxienez 40 lagun hil dira Zawiyako borrokaldietan
- Matxinoek Zawiya abandonatu dute, baina berriz eraso egiteko asmoa dute.
- Matxinoen buruzagia harrapatzearen truke 400.000 dolar eskaini ditu Gadafik.
Erredakzioa
Gutxienez 40 lagun hil dira Muamar Gadafi Libiako buruzagiaren eta matxinoen arteko borrokaldietan, Zawiyan, Estatuko mendebaldean, mediku batek jakitera eman duenez. Hala ere, biktima gehiago izan direla uste du iturriak.
Al Yazira telebistak azaldu duenez, Gadafiren indarretako jeneral bat eta koronel bat hil dira Zawiyan. Bien bitartean, matxinoek hiria abandonatu dute, baina berriz eraso egiteko asmoa dute, Zawiyako bizilagunek baieztatu dutenez. Gobernuko indarrak hiriko erdialdean daude, Estatuko telebistak aldez aurretik jakinarazi duenez.
Horrela, Libiako buruzagiaren indarrek Zawiyako plaza nagusia hartu dute, herritarren arabera, baina matxinoek nahiz eta atzera egin, kontraerasoa egingo dutela ohartarazi dute.
Zawiyako erdialdera zihoazen Gadafiren jarraitzaileen irudiak eman ditu Estatuko telebistak.
Gadafiren mezulariak
Bitartean, Gadafiren mezulariak Maltako agintariekin bildu dira Mediterraneoko uhartean. Gero hegaldi bat hartu dute Portugalera heltzeko. Beste hegazkin bat Bruselara bidean dago, Maltako arduradun batek jakitera eman duenez.
Horrela, Luis Amado Portugaleko Atzerri ministroarekin bildu da Libiako Gobernuaren mezularia, Portugaleko komunikabideek jakinarazi dutenez. Portugal NBEko zigorren Batzordeko presidente aukeratu dute.
Elkarrizketa Libiak bizi duen egoera ezagutzeko balio izan duela azaldu du Ministerioak.
Abdel Rahman Ben Ali al Sayyid al Zawi Libiako Horniketa eta Logistika buruzagiak Kairon lur hartu du hegazkin batean. Egipto gobernatzen duen Armadako Batzorde Gorenarekin bildu da Gadafiren mezua helarazteko.
400.000 dolar matxinoen buruzagia harrapatzearen trukeBestalde, 400.000 dolarreko saria eskaini du Gadafiren erregimenak Mustafa Abdel Yalil matxinoen buruzagia harrapatzearen truke.
"Espioiaren" atxiloketari laguntzen duen informazioaren truke 400.000 dolarreko saria emango dutela jakinarazi du Libiako telebista ofizialak, Libiako Ikerketa Departamentuaren arabera.
Premiazko iragarpena arabieraz, ingelesez eta frantsesez igorri du telebistak.
Elkarrizketa esklusiban EITBri
Mustafa Abdel Yalilmatxinoen buruzagia esklusiban elkarrizketatu du Mikel Ayestaran EITBko berriemaileak.
Gadafiri "ekintzak, ez bakarrik hitzak", eskatu dizkio matxinoen buruzagiak. Gainera, Libiako agintariaren mezulariekin bildu dela ez du ukatu Yalilek.
Bestalde, nazioartearen "kezka nagusia petrolioa" dela salatu du matxinoen buruzagiak. Azkenik, Gadafiri erbesteratzeko eskatu dio berriro.