Mundua -
Iraultza Libian
Matxinoekin negoziatzeko agindua eman die zerbitzu sekretuei Gadafik
- Gadafiren erregimenaren aurkako zigorrak onartu ditu EBk.
- "Nire jendeak maite nau eta ni babesteko hilko lirateke", adierazi du Gadafik.
- Eskualdean dituen tropak "birkokatzea" erabaki dute AEBek.
Erredakzioa
Buzid Durda zerbitzu sekretuetako arduradunari matxinoen buruzagiekin hitz egiteko agindua eman dio Muamar el Gadafi Libiako buruzagiak, Al Yazira telebistak gaur jakitera eman duenez.
Telebistako berriemailearen esanetan, tribuetako buruzagiekin harremanetan jartzen saiatu da Gadafi, baina tribuetako ordezkariek negoziaketa hasteari uko egin diote.
Abdala Senusi koronela, zerbitzu sekretuetako agintaria, ordezkatu du Libiako buruzagiak eta Mansur Dau El Qahsi jarri du karguan, telebistak oposizioko iturriak aipatuz jakinarazi duenez.
Gadafiren hegazkin batek armen gordeleku bat bonbardatu du gaur Haniako koarteletik gertu, Edjibiyako eskualdean, Bengasitik 200 kilometrora.
EBren zigorrak
Muamar el Gadafi Libiako buruzagiaren eta erregimenaren kontrako zigorrak onartu ditu gaur Europar Batasunak, EBko Presidentetzak iragarri duenez. Zigorrak NBEk onartutakoak baino gogorragoak dira.
Gadafiren eta haren inguruko beste 25 lagunen ondasunak izoztu eta bisak debekatuko ditu Europar Batasunak.
Era berean, arma-blokeoa ezarriko diote Libiari.
NBEk aukeratutako 16 lagunei bisa kenduko die EBk, baina baita beste 10 gehiagori ere. Gadafik eta beste 25 lagunek Europan izan ditzaketen fondoak izoztuko ditu EBk.
Erabakia aho batez hartu dute eta zigorrak gaur bertan sartuko dira indarrean, iturri diplomatikoen arabera.
Bestalde, Gadafi "alde egiteko" momentua heldu dela defendatu du Hillary Clinton AEBetako estatu-idazkariak eta diktadoreak manifestaldiekin amaitzeko "mertzenarioak eta gorilak" erabiltzea salatu du.
Afrika iparraldeko eta Mediterraneoko eskualdean dituen tropak "birkokatzea" erabaki du Pentagonoak, Libian ekintza azkar bat egiteko edozein aukeraren aurren prest egoteko.
Elkarrizketa Gadafiri
"Nire jendeak maite nau eta ni babesteko hilko lirateke", adierazi du Gadafik elkarrizketa batean. Christiane Amanpour ABC AEBetako telebistako kazetariak elkarrizketatu du.
"Tripoliko kaleetan manifestaldirik izan ez" dela esan du Libiako agintariak.
"Al Kaidari aurre egiteko Mendebaldeko aliantza bat dugu, baina harrituta nago, izan ere, orain terroristei aurre egiten ari gatzaizkionean bakarrik utzi gaituzte", adierazi du Gadafik elkarrizketaren aurrerapen batean. "Antza denez, Libia okupatu nahi dute", erantsi du.
Era berean, Barack Obama AEBetako presidentea "pertsona ona" dela esan du Gadafik, baina "informazio okerra" eman diotela uste du. NBEk Libia "saldu" duela uste du Gadafik.
Zenbait hildako Tripolin
Zenbait lagun hil dira Tripolin Gadafiren jarraitzaileek egindako tiroengatik, Quryna egunkariak jakinarazi duenez. 400 bat lagunek Tajura barrutian elkartu dira, Tripoliko ekialdean, Gadafiren aurka protesta egiteko, Reuters albiste-agentziak egiaztatu duenez.
Gutxi geroago, plaza autoez bete da eta segurtasun indarrak atera dira ibilgailuetatik airera tiro eginez manifestariak sakabanatzeko.
Bi helikoptero eraitsi dituzte Misratan
Matxinoek Misrata herria (Tripolitik 200 kilometro ekialdera) eta haren aireportua kontrolatzen dituzte jada, baina inguruetan borroka egiten jarraitzen dute Muamar Gadafi diktadorearen aldekoen aurka, lekukoen testigantzak aipatuta Reuters agentziak jakinarazi duenez.
Halaber, Abdel Baset Merziq abokatuak Al Arabiya telebista-katean adierazi duenez, matxinoek Gadafiren bi helikoptero eraitsi dituzte aipatu herritik gertu.