Mundua -

Iraultza Libian

Matxinoek Gadafiren bi helikoptero eraitsi dituzte Misratan

- Oposizioak Misrata herria eta haren aireportua kontrolatzen ditu.

- Gadafiren mertzenarioak erasoa prestatzen ari dira Zawiyan. Herri hori giltzarria da, Tripolitik 50 kilometrora baino ez baitago.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Matxinoek Misrata herria (Tripolitik 200 kilometro ekialdera) eta haren aireportua kontrolatzen dituzte jada, baina inguruetan borroka egiten jarraitzen dute Muamar Gadafi diktadorearen aldekoen aurka, lekukoen testigantzak aipatuta Reuters agentziak jakinarazi duenez.

Halaber, Abdel Baset Merziq abokatuak Al Arabiya telebista-katean adierazi duenez, matxinoek Gadafiren bi helikoptero eraitsi dituzte aipatu herritik gertu.

Merziqen hitzetan, lehenengo helikopteroa tiro egin baino lehen eraitsi dute, baina bigarrenak hiru suziri bota ahal izan ditu. Dena dela, suziriek ez dute inor hil.

Gadafi erasoaldia prestatzen ari da

Zawiya herrian, matxinoek uste dute diktadorearen miliziak erasoaldia prestatzen ari direla. Herri hori giltzarria da, Tripoli hiriburutik 50 kilometrora baino ez baitago.

Lekukoek jakinarazi dutenez, Gadafiren aldeko 2.000 miliziano inguru daude herri horren inguruan, erasorako prest.

"Laster egingo dute eraso. Dena emango dugu haien aurka. Askatasunaren alde borroka egiten ari bagara, askatasunaren alde hiltzeko prest gaude", adierazi du manifestariekin bat egin duen poliziaburu batek.

Herritarrak azken egunetako istiluak errepikatuko diren beldur dira. Izan ere, gutxienez 50 pertsona hil dira manifestarien eta Gadafiren mertzenarioen arteko borroketan. Azken horiek, gainera, artilleria astuna erabili dute.

"Gadafi zoratuta dago. Haren pertsonek granadak jaurti dituzte kohete-jaurtitzaileen bidez", esan du Mustafa izeneko gizon batek. Beste pertsona batek zera gaineratu du: "Justizia behar dugu, hiltzen ari gaituzte. Haren pertsonek nire ilobaren aurka tiro egin dute".

Bien bitartean, Misrata herrian (Tripolitik 200 kilometro ekialdera), manifestariek mertzenarioen eraso bati aurre egin diote, baina antza denez hainbat pertsona hil dira.

Hiriburuko egoera

Hiriburuan, Tripolin, herritarrak barrikadak egiten hasi dira, Gadafiren indar armatuei aurre egiteko, eta Armadak Bengasin (bigarren hiri garrantzitsuena) duen buruzagietako batek laguntza eskaini die.

"Tripolin, gure anaiek diote ondo daudela eta ez dutela laguntza behar, baina behar izango balute, mugitzeko prest egongo ginateke", nabarmendu du militarrak.

Gobernu matxinoa

Bestalde, oposizioak iragarri du Kontseilu Nazionala eratzeko asmoa duela, orain arte "askatu" dituzten inguruetako ordezkariekin, haien bozeramaileetako batek jakitera eman duenez.

Abdelhafiz Hoga Otsailaren 17ko Koalizio Iraultzailearen bozeramaileak Bengasin egin ditu adierazpenok, oposizioak kontrolpean duen hiri handienean, Libiako bigarrenean, eta Kontseilu Nazionalaren lana "trantsizio prozesua gidatzea" izango dela azpimarratu du.

"Ez da trantsizio Gobernu bat, Bengazin egoitza izango duen Kontseilu Nazionala izango da, Tripoli oraindik ez dugu askatu", gaineratu du koalizioaren bozeramaileak. Koalizioak Muamar al Gadafiren erregimenaren kontrakoek kontrolpean dituzten hirietako ekintza politikoak kudeatzen ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea