Mundua -
Kargua utzi du
Frantziako Atzerri Gaietarako ministroak dimisioa eman du
Michele Alliot-Marie lapurtarra gogor kritikatu dute Tunisiako iraultzaren harira izan zuen jarreragatik. Alain Juppe gaur arte Defentsa ministro izan denak ordezkatuko du Alliot-Marie.
Erredakzioa
Michele Alliot-Marie Frantziako Atzerri Gaietarako ministroak dimisioa eman du Tunisiako iraultzaren harira izan zuen jarreragatik eta herrialde horretara egin zuen opor bidaia bategatik jasotako kritika gogorren ostean, eta Nicolas Sarkozy presidenteak iragarri du Alain Juppe gaur arte Defentsa ministro izan denak ordezkatuko duela.
"Hutsegiterik ez dudala egin pentsatzen dudan arren, nire karguari uko egitea erabaki dut", idatzi du Atzerri Gaietarako Ministerioak zabaldu duen gutunean agertzen denez.
Tunisiako iraultzaren harira jaso zituen lehenengo kritikak Ben Ali presidenteari manifestazioak kontrolatzeko Frantziako segurtasun indarren laguntza eskaini zionean. Adierazpen horiek gaizki ulertu zirela salatu zuen ministro ohiak, Ben Aliren erregimenari babesa ematea baino ahalik eta biktima gutxien izatea zela bere asmoa.
Oposizioak ministroaren kontra jo zuen gogor otsaila hasieran. Izan ere, Alliot-Marie Tunisiara joan zen oporretan iraultza hasita zegoenean eta bertan Zine el Abidine ben Ali presidente ohiaren oso laguna den enpresari baten hegazkina erabiltzeaz gain, ministroaren gurasoek negozioak egin zituzten enpresari harekin.
Ministroaren sinesgarritasuna kolokan dago duela aste batzuetatik eta jakina zen Gobernutik alde egin beharko zuela Le Monde egunkariari Gobernuko bi kidek aitortu ziotenez.
Alliot-Mariek 64 urte ditu. 1980ko hamarkadan hasi zen politikan eta beste hiru ministerioren ardura ere izan du: Defentsa ministroa izan zen 2002tik 2007ra, Barne Ministerioan egon zen ordutik 2009ra, gero 17 hilabete eman zituen Justizia ministro gisa, eta iragan azaroaren 14ean hartu zuen Atzerri Gaietarako ministro kargua.
Sarkozy François Fillon lehen ministroarekin bildu zen atzo eta zertaz hitz egin zuten zabaldu ez bada ere, Alliot-Mariek utzi duen kargurako Alain Juppe Defentsa ministroa da izen nagusia, kargu hori izan baitzuen 1993tik 1995era.
Berregituraketa txikia
Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak iragarri du Alain Juppe egungo Defentsa ministroak hartuko duela bere gain Atzerri Gaietarako Ministerioa Michele Alliot-Marieren ordez.
Diplomaziaren buru ohiaren ukoa Gobernuan berregituraketa txiki bat egiteko aprobetxatu du Sarkozyk, eta Gerar Longuet UMPren Senatuko bozeramailea izango da Defentsa ministroa aurrerantzean.
Gainera, Brice Hortefeuxen esku zegoen Barne Ministerioa Claude Gueant Presidentzia idazkariak hartuko du.