Mundua -

Iraultza Libian

Oposizioak 'trantsizioa gidatzeko' Kontseilu Nazionala osatuko du

-"Askatu" dituzten hiri guztietako ordezkariak egongo dira.

-Giza Eskubideen urraketa ikertzeko eskatu dio NBEk Hagari.

-100.000 lagun Libiatik joan dira astebetean, ACNUR agentziaren arabera.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Libiako oposizioak iragarri du Kontseilu Nazionala eratzeko asmoa duela orain arte "askatu" dituzten inguruetako ordezkariekin, haien bozeramaileetako batek jakitera eman duenez.

Abdelhafiz Hoga Otsailaren 17ko Koalizio Iraultzailearen bozeramaileak Bengazin egin ditu adierazpenok, oposizioak kontrolpean duen hiri handienean, Libiako bigarrenean, eta Kontseilu Nazionalaren lana "trantsizio prozesua gidatzea" izango dela azpimarratu du.

"Ez da trantsizio Gobernu bat, Bengazin egoitza izango duen Kontseilu Nazionala izango da, Tripoli oraindik ez dugu askatu", gaineratu du koalizioaren bozeramaileak. Koalizioak Muamar al Gadafiren erregimenaren kontrakoek kontrolpean dituzten hirietako ekintza politikoak kudeatzen ditu.

Hogak ez du zehaztu nor izango den kontseiluaren presidentea eta zenbat kidek osatuko duten, baina erakundea sortzeko prozesuan murgilduta daudela esan du eta argi adierazi du hiri guztietako ordezkariak egongo direla.

Oposizioak aurrera egin du

Muamar al Gadafi koronelaren erreginaren aurkakoak Zawiyan daude, Tripolitik 50 kilometrora, Reuters albiste agentziako kazetari batek jakinarazi duenez. Kontrolpean duten hiri hori hiriburutik gertuen dagoena da.

Libiako erreinuko hiru koloreko bandera -gorria, berdea eta beltza- hiriaren erdiguneko eraikin batean jarri dute; bertan, ehunka lagunek "hau da gure iraultza" oihukatzen dute. Bestalde, behin-behineko gobernua eratzeko bilduta daude ekialdean, oposizioaren menpe dagoen zonaldean.

Salwa Bugaihis Otsailaren 17ko Iraultza izeneko koalizioaren bozeramailearen hitzetan, zibilez eta militarrez osatutako batasun nazionaleko Gobernua eratzeko proposamena aztertuko dute.

NBEn ebazpena

Giza Eskubideen urraketa ikertzeko eskatu dio Nazio Batuen (NBE) Segurtasun Kontseiluak Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiari. NBEk, horrela, Muamar Gadafi koronelaren erregimenak azken egunetan egindako ustezko gizateriaren aurkako krimenak ikertzeko bidea ireki du.

Bederatzi orduz bilduta egon ostean,NBEn organo nagusia osatzen duten 15 kideek aho batez adostu dute ebazpen hori. Horrez gain, arma-blokeoa, Gadafiren kontuen izoztea eta bidaiatzeko debekua adostu dute aho batez.

Ban Ki-moon NBEn idazkari nagusiaren ustez, erabaki hori "urrats garrantzitsua" da Libiako azken egunetako errepresioari amaiera emateko.

Banen hitzetan, Libiako erregimenak biztanleen aurka egindako erasoak "nazioarteko arauak urratzen ditu eta nazioarteko legearen zein giza eskubideen hauste larria da. Onartezinak dira".

Exodoa

100.000 pertsona inguruk erbesteratu dira otsailaren 19tik ACNUR Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziak Twitter bidez jakinarazi duenez.

Guztira, 55.000 lagunetik gora Egiptora abiatu dira eta 40.000 Tunisiara joan dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea