Mundua -
Agerraldi berria
Boteretik kentzeko saiakerak zapuzteko eskatu die libiarrei Gadafik
- "Maite ez didan herriak ez du bizitzea merezi", adierazi du Libiako buruzagiak Plaza Berdean.
- Libiari zigor berriak ezarriko dizkiote EBk eta AEBek.
Erredakzioa
Boteretik kentzeko edozein saiakera zapuzteko eskatu die bere jarraitzaileei Muamar el Gadafi Libiako buruzagiak, Italiako kolonizatzaileei eta AEBetako bonbardaketei "herri bezala eutsi" zuten moduan.
"Libia defendatzeko presta gaitezen, petrolioa defendatzeko presta gaitezen. Herri armatuarekin irabaz dezakegu", adierazi du Gadafik Plaza Berdeko harresi batean, Tripolin.
"Herri armatu gisa garaipena lor dezakegu", gaineratu du Gadafik txano bat buruan, mikrofonoa ezkerreko eskuan eta eskuin ukabila altxatuta zuela.
"Bizitza harrotasunez bizitzeko eskatu die" gazteei Gadafik, "dantza egin eta abes dezaten".
"Gadafi agurtzera etorri zaizue, nahiz eta Gadafi presidente edo errege ez izan eta pribilegiorik ez gozatu", erantsi du Libiako buruzagiak ehunka jarraitzaileen aurrean.
"Maite ez didan herriak ez du bizitzea merezi"
"Jendartean nago Tripolin, eta maite ez didan herriak ez du bizitzea merezi", adierazi du diktadoreak.
Libiarren adorea "gero eta indartsuagoa da", europarrenarekin eta estatubatuarrenarekin alderatuta.
"Herri honekin, gogo handiarekin, edozein saiakera menderatuko dugu, Italiako kolonizatzaileak eta AEBen erasoak menderatu bezala", errepikatu du Gadafik.
Protesta Bengasin
Hamarka mila pertsonak protesta egin dute gaur Bengasin (Libia) Muamar al Gadafiren erregimenaren aurka protesta egiteko.
Bengasi Libiako bigarren hiri garrantzitsuena da, eta egun manifestarien esku dago.
Manifestarietako batek EFE agentziari adierazi dionez, Gadafiri bi aukera eskaitzen dizkiote: dimisioa aurkeztea edo bere buruaz beste egitea, baina betiere gaur "ilundu baino lehen".
Bien bitartean, Tripolin, oposizioak erregimenaren aurkako lehen manifestazioa deitu du gaurko, Tunisiako eta Egiptoko iraultzetan egin zuten bezala, baina diktadoreak hiriburuan babestuta jarraitzen du, gero eta mertzenario gehiago pilatzen, manifestariei aurka egiteko xedez.
Gobernuaren aurkako miliziak ere hiribururako bidean daude, eta herrialdearen ekialdea mendean dute jada. Azken batailetako bat Zouiya herrian jazo da, hots, Tripolitik 100 kilometrora baino ez. 100 pertsona hil dira eta hamarka zauritu borroketan. Gadafiren jazarpen basatia ikusita, Europar Batasunak ez du baztertu Libian "operazio militar humanitarioa" abiatzea.
Tripoliko baserik handienak iraultzarekin bat egin du
Muitiqako baseak, Tripoliko handienak, Gadafiren erregimenaren aurkako iraultzarekin bat egin du, Al Yazirak jakitera eman duenez.
Bestalde, gutxienez bi lagun hil dira liskarretan, hiriburuko auzo ezberdinetan. Gadafiren jarraitzaileek manifestarien kontra tiro egin dute. Fashlum, Zauia y Dohmani, Bin al Shur eta Al Siahia auzoetan izan dira istiluak.
Ibrahim A.E. Aldredi Libiako enbaxadoreak (NBEko Giza Eskubideen Kontseiluan) erregimena abandonatzea erabaki du eta "Libiako herriaren ordezkaria" dela erantsi du.
Zigorrak
Libiaren kontrako zigor berriak adostu ditu Europar Batasunak (EB), besteak beste, erabateko arma-blokeoa eta Gadafi familiaren ondasunen izoztea, Alemaniako Gobernuak jakitera eman duenez.
Alemaniako Atzerri Ministerioaren arabera, Estatu kide guztiek adostu dute zigorra eta datorren astean onartuko dute formalki.
Aldebakarreko zigorrak ezarriko dizkiote AEBek Libiari, eta nazioarteko zigorrak koordinatzen saiatuko da, Etxe Zuriak iragarri duenez.
Libia NBEko Giza Eskubideen Kontseilutik at uztea eskatzeko ebazpen bat onartu du erakunde horrek, eskaera Batzar Nagusiari igorri dio.