Mundua -

Iraultza Libian

Hamarka mila pertsona, Gadafiren aurka Bengasin

- Tripoliko baserik handienak iraultzarekin bat egin du.

- Libiaren aurka zigor berriak adostu ditu EBk, besteak beste, erabateko arma-blokeoa eta Gadafi familiaren ondasunen izoztea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hamarka mila pertsonak protesta egin dute gaur Bengasin (Libia) Muamar al Gadafiren erregimenaren aurka protesta egiteko.

Bengasi Libiako bigarren hiri garrantzitsuena da, eta egun manifestarien esku dago.

Manifestarietako batek EFE agentziari adierazi dionez, Gadafiri bi aukera eskaitzen dizkiote: dimisioa aurkeztea edo bere buruaz beste egitea, baina betiere gaur "ilundu baino lehen".

Bien bitartean, Tripolin, oposizioak erregimenaren aurkako lehen manifestazioa deitu du gaurko, Tunisiako eta Egiptoko iraultzetan egin zuten bezala, baina diktadoreak hiriburuan babestuta jarraitzen du, gero eta mertzenario gehiago pilatzen, manifestariei aurka egiteko xedez.

Gobernuaren aurkako miliziak ere hiribururako bidean daude, eta herrialdearen ekialdea mendean dute jada. Azken batailetako bat Zouiya herrian jazo da, hots, Tripolitik 100 kilometrora baino ez. 100 pertsona hil dira eta hamarka zauritu borroketan. Gadafiren jazarpen basatia ikusita, Europar Batasunak ez du baztertu Libian "operazio militar humanitarioa" abiatzea.

Tripoliko baserik handienak iraultzarekin bat egin du

Muitiqako baseak, Tripoliko handienak, Gadafiren erregimenaren aurkako iraultzarekin bat egin du, Al Yazirak jakitera eman duenez.

Bestalde, gutxienez bi lagun hil dira liskarretan, hiriburuko auzo ezberdinetan. Gadafiren jarraitzaileek manifestarien kontra tiro egin dute. Fashlum, Zauia y Dohmani, Bin al Shur eta Al Siahia auzoetan izan dira istiluak.

Ibrahim A.E. Aldredi Libiako enbaxadoreak (NBEko Giza Eskubideen Kontseiluan) erregimena abandonatzea erabaki du eta "Libiako herriaren ordezkaria" dela erantsi du.

Zigorrak

Libiaren kontra zigor berriak adostu ditu Europar Batasunak (EB), besteak beste, erabateko arma-blokeoa eta Gadafi familiaren ondasunen izoztea, Alemaniako Gobernuak jakitera eman duenez.

Alemaniako Atzerri Ministerioaren arabera, Estatu kide guztiek adostu dute zigorra eta datorren astean onartuko dute formalki.

NBEren eta NATOren bilerak

Bestalde, NATOk ezohiko bilera egingo du arratsaldean, eta Espainiak Libiako kostaldearen aurrean soldaduak hedatzea proposatuko du, Defentsa Ministerioak aurreratu duenez.

Proposamena Espainiak NATOn duen enbaxadoreak egingo du, Carme Chacon Defentsa ministroaren izenean. Izan ere, ez du bilerara joaterik izango, bidaia bertan behera utzi behar izan baitu atzo Madrilgo zentro militar batean izandako istripua dela eta.

NBEren Segurtasun Kontseiluak ere bilera egingo du gaur, Libiako egoera hizpide.

Frantziak eta Erresuma Batuak zigorrak proposatu dituzte, tartean armak bahitzea eta agintari libiarrei "gizateriaren aurkako krimenak" egoztea, Michele Alliot-Marie Frantziako Atzerri ministroak jakinarazi duenez.

Nolanahi ere, France Info irrati-katean zehaztu duenez, zigorrak ekonomikoak izango lirateke batik bat.

"Egoera oso dramatikoa da, batez ere Gadafik hilketak egiteko dei egin ostean. [...] Horregatik erabaki dugu ekintzetara pasatzea", gaineratu du.

Ezbapen proposamena gaur aztertuko dute Segurtasun Kontseiluan, baina seguru aski ez dute bozkatuko. Hurrengo astean egingo dute, negoziazioak azkar egiten badituzte.

Gadafiren semea

Nahiz eta oposizioko manifestariek aurrera egin Gadafiren Gobernua ez da errendituko, Saif al Islam Gadafi Libiako presidentearen semeak ohartarazi duenez.

"A, B eta C planak ditugu. A egitasmoa Libian bizi eta hiltzea da. B plana Libian bizi eta hiltzea da… eta C egitasmoa Libian bizi eta hiltzea da", ziurtatu du koronelaren semeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea