Mundua -
Protestak
Beste greba orokor batek Grezia geldiarazi du
Gobernuaren herstura politika salatu dute sindikatu nagusiek. Kazetari gehienek greba babestu dute eta Greziak benetako "itzalaldi informatiboa" bizi du.
Erredakzioa
Osasun zerbitzu, hezkuntza, garraio eta bulego publikoei greba orokor berri batek eragin die gaur. Gobernuaren herstura politika salatu nahi izan dute sindikatu nagusiek.
Trenbideko eta kontinente eta uharteen arteko ontzien garraio zerbitzurik gabe geratu dira gaur. Era berean, ehun bat hegaldi nazional bertan behera geratu dira, aire-kontrolatzaileek lau orduko lanuztea egin dutelako. Nazioarteko hegaldiak ez dira momentuz bertan behera geratu, nahiz eta ordutegietan aldaketak izan.
Ospitaletan eta botiketan soilik gutxieneko zerbitzuak daude eta larrialdi kasuetan funtzionatzen dute bakarrik. Haurtzaindegi eta ikastetxeak itxi dituzte, irakasleek soldaten igoerak eskatzen dituztelako.
"Itzalaldi informatiboa"
Kazetari gehienek greba babestu dute gaur eta Greziak benetako "itzalaldi informatiboa" bizi du.
Dendak itxi dituzte Atenaseko erdialdean eta garraio publikoak, metroa salbu, ez du zerbitzurik eman hiriburuan. Horrela, manifestariak erdialdera heltzea erraztu du metro zerbitzuak.
Bulego publikoak zerbitzurik gabe geratu dira, izan ere, funtzionarioek greban aktiboki parte hartu dute.