Mundua -
Iraultza Libian
'Salduta gaude, enbaxadak ahal duguna egiteko esan digu'
Joseba Etxeberria lekeitiarrak ETBrekin hitz egin du Ra's Lanufeko hotel batetik eta Libiako egoera "gerra zibilaren antzerakoa, kaosa, anarkia hutsa" dela eta ezin dutela handik atera esan du.
Erredakzioa
Libian harrapatuta dagoen euskal herritarretako batek ETBrekin hitz egin du bideokonferentziaz. Joseba Etxeberria da bera eta enpresa errusiar batentzat egiten du lan Afrika iparraldeko herrialdean.
Orain Ra''s Lanufeko hotel batean dago eta "harrapatuta, herrialdetik atera ezinik" daudela adierazi du. Gainera, Espainiako enbaxadarekin harremanetan jarri eta kontsulak "ahal duguna egiteko, gure arazoa dela" esan diela salatu du. "Salduta gaude, gainerako atzerritarrekin elkarlanean ari gara eta bertako herritar bati esker gaude bizirik".
Etxeberriaren arabera, gainerako atzerritarren egoera ez da berbera, izan ere, "badakigu austriarrak, portugaldarrak eta frantziarrak mugitu direla".
Etxeberriak esan du Libia "gerra zibilaren antzerako egoeran" dagoela, "kaosa eta anarkia" direla nagusi. "Tiroketak entzun ditugu, hiriko komisaria guztiak erre dituzte eta Poliziak alde egin behar izan du", gaineratu du. Hori horrela, "herritarrek patruilak antolatu dituzte hiria babesteko eta harrapaketak saihesteko".
Ra''s Lanuf Tripoli hiriburutik 700 bat kilometrora dago, kostan. Hiriburura iristea ezinezkoa omen da, eta bertako biztanleek ez diete saiatzen ere uzten. Gainera, itsasoz itzultzen ere planteatu bazuten ere, "portua itxita dago".