Mundua -
Protestak
Marokoarrek 'Konstituzio demokratikoa' jomuga, Duintasunaren Egunean
"Herriak esklaboentzat egindako Konstituzioa gaitzesten du" eta "autokrazia behera" oihukatu dute milaka lagunek Rabaten eta Marokoko hainbat hiritan.
Erredakzioa
Milaka pertsonak parte hartu dute Marokoko hiriburuan, Rabaten, eta hainbat hiritako martxetan. Zenbait botereri uko egitea eta Gobernuaren ustelkeriari aurre egitea eskatu diote Mohamed VI erregeari. MAP agentzia ofizialaren arabera, "parte hartze txikia" izan da.
"Herriak esklaboentzat egindako Konstituzioa gaitzesten du" eta "autokrazia behera" oihukatu dute manifestariek.
Lehen protesta da igande honetako Marokon, herrialde arabiarretan matxinadak hasi zirenetik. Aldaketa 20rako Mugimendua dira antolatzaileak eta Duintasunaren Eguna izena jarri diote protesta egunari.
Protesten antolatzaileen arabera, 5.000 lagunek parte hartu dute Rabateko martxan; Poliziak Reuters albiste-agentziari jakinarazi dionez 3.000 pertsona zeuden; eta MAP agentzia ofizialaren arabera, 2.000 lagun inguru bildu dira hiriburuan.
Aldaketarako 20rako Mugimendua 19.000 jarraitzaile ditu Facebooken eta erreforma konstituzionalak eta sistema judizial independenteagoa nahi dute. Gainera, Gobernuko kideak kargugabetzea eta Parlamentua desegitea eskatu diote Mohamed VI erregeari epe laburrean.
Alderdi politikoek eta hedabideek marokoren kasua gainerako herrialde arabiarrekin zerikusirik ez duela zabaltzen dute. Antolatzaileek, aldiz, "Konstituzio demokratiko" baten beharra aldarrikatzen dute.