Mundua -

Erresuma Batua

Erresuma Batuak kolpe ekonomiko larria jasango du, hitzartutako 'brexit'ik ez bada

Gobernu britainiarrak eta Ingalaterrako bankuak ikerketa bana egin dute 'brexit'aren eragin ekonomikoa aztertzeko.

Theresa May. Artxiboko argazkia: EFE
Theresa May.
Theresa May. Artxiboko argazkia: EFE

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernu britainiarrak eta Ingalaterrako Bankuak egindako aurreikuspenaren arabera, Erresuma Batuko Barne Produktu Gordinak eta librak gainbehera larria jasango dute, herrialde hori aldebiko akordiorik gabe ateratzen bada Europar Batasunetik.

Gobernua eta banku zentrala brexit-aren ondorio ekonomikoak zeintzuk izan daitezkeen ikertzen aritu dira, eta horretarako balizko bi egoera hartu dituzte aintzat: Europar Batasunarekin adostutako irteera bat (Theresa Mayk egindako proposamenean oinarrituta, gutxi gorabehera) eta aldebakarreko irteera drastiko bat.

Txosten horietan bildutako datuak baliatu nahi ditu Theresa May lehen ministro britainiarrak, Bruselarekin egindako akordioa Komunen Ganberak berretsi dezala lortzeko. Abenduaren 11n izango da bozketa.

Gobernu britainiarraren ikerketaren arabera, hitzartutako brexit-ik ezean, Erresuma Batuko Barne Produktu Gordinak % 9,3ko murrizketa izango du 15 urtetan. Irteera adostutakoa balitz, berriz, galera hori % 3,9koa izango litzatekeela dio.

Hortaz, bi kasuetan galduko luke Erresuma Batuak, hazkunde ekonomikoari eutsi arren.

Ingalaterrako Bankuak egindako ikerketaren arabera, akordiorik eta trantsiziorik gabeko brexit-a gauzatuz gero, libraren balioak % 25eko galera izango luke eta inflazioa % 6,5ekoa izango litzateke.

BPGa % 8 jaitsiko litzateke 2023ra bitartean, langabezia-tasa % 7,5era igoko litzateke eta interes-tasek % 5,5eko gorakada izango lukete.

Mayk Bruselarekin adostutako planari dagokionez,  Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren etorkizuneko harremanari buruzko xehetasunik ez dutela eta, beraz, egoera ezberdinak irudikatu dituztela zehaztu dute.

Gobernu britainiarrak eta EBk harreman ekonomiko "estua" izanez gero, BPGa datozen bost urteetan % 1,75 haziko litzatekeela aurreikusi du Ingalaterrako Bankuak. Aldiz, harreman hori estua izango ez balitz, BPGak % 0,75eko gainbehera izango lukeela esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Erresuma Batua Albisteak Brexita Zer da Brexita Ingalaterra