Mundua -

'Egipto efektua'

Milaka poliziak Gobernuaren kontrako protesta ito dute Aljerren

400 atxilotu baino gehiago izan direla uste dute, tartean Algeriako eta atzerriko hainbat kazetari. Manifestariek Abdelaziz Buteflikaren erregimenaren kontrako oihuak bota dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polizia kopuru handi batek milaka pertsonak Aljerren manifestazioa egitea galarazi du. Manifestariek Algeriako erregimenaren demokratizazioa eskatzeko asmoa zuten azken hamarkadako manifestaziorik handienean.

Gobernuaren debekuari muzin egin eta 3.000 pertsona Maiatzaren Lehenengoko plazan bildu dira manifestazioan parte hartzeko. Haien aurrean 30.000 polizia eta istiluen kontrako agente izan dituzte.

Manifestazioa duela hilabete deitu zuen Demokrazia eta Aldaketaren Aldeko Batzorde Nazionalak (CNDC), Tunisian Ben Aliren Gobernua bota zutenean. CNDC gizarte zibileko hainbat erakundek eta oposizioko alderdi batzuk osotzen dute.

Deitzaileek adierazitakoaren arabera, 400 pertsonatik gora atxilotu dituzte, tartean 50 emakumezko eta Algeria eta atzerriko hainbat kazetari.

"Buteflika, kanpora"

Kontzentrazioa baketsua izan da eta luze jo du arratsaldean Poliziak manifestarien kontra egin duen arte. Gehienak gazteak ziren baina sektore ezberdinetako langileak, abokatuak eta unibertsitateko irakasleak ere izan dira.

Manifestarien Abdelaziz Buteflika presidentearen erregimenaren kontrako oihuak bota dituzte: "Botere honekin kokoteraino gaude", "Benetako demokrazia eta askatasuna", "Sistema ustela akabatu", "Buteflika, kanpora" eta "Herria gazteen eskuetanb nahi du, ez zaharren eskuetan" izan dira gehien entzun diren aldarrikapenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea