Mundua -
Tunisia eta Egiptoren eraginez
'Setio-egoera' ezarri dute Aljerren manifestazio bat galarazteko
Martxa Gobernuak ezeztatzen duen Aldaketa eta Demokraziarako Koordinakunde Nazionalak deitu du. Poliziez gainezka da hiria. Manifestazioa 11:00etan abiatuko dute.
Erredakzioa
Hamarna mila poliziak Aljerreko kaleak, tabernak eta etorbideak hartu dituzte bart, otsailaren 12rako Aldaketa eta Demokraziarako Koordinakunde Nazionalak deitu duen manifestaldia galarazteko asmoz, Watan bertako egunkariak zabaldu duenez.
Egunkariak, oposizioaren aldekoak, ziurtatu du hiriburua "setio-egoeran" dagoela. "Ikara nagusi da, hiria hutsik dago", egunkarian agertzen denez. Kaleetan soilik ikus daitezke autobusak eta Poliziaren kamioiak, baita hiri osoan zehar "kalachnikov eskopetaz armaturik" dauden agenteak ere.
Prentsaren eraikina ere inguratu dute eta ibilgailuak ospitaletatik gertu kokatu dituzte. Halaber, gaur goizean, zenbait kontrol jarri ditu Poliziak errepide nagusienetan.
Manifestazioaren deitzaileek martxarekin jarraitzea erabaki dute, debekatua egon arren. Manifestaldia 11:00etan abiatuko dute Maiatzaren 1 Plazatik Martirien Plazaraino.