Mundua -

Iraultzaren garaipena

Mubarak boteretik kendu du Egiptoko herriak

- Boterea Armadaren eskuetan uztea erabaki du Egiptoko presidenteak.

- Albisteak festa ekarri du Tahrir plazara.

- "Egiptoren emantzipazioa" dela adierazi du ElBaradeik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email
Dimititzea

"Egoera zaila ikusita" erabakia hartu dutela esan du Suleimanek telebistan egindako agerraldi batean.

"Errepublikako presidente izateari uztea erabaki du Mohamed Hosni Mubarakek eta Armadako Kontseilu Gorenak kudeatuko du Estatua", esan du Suleimanek mezu laburrean.

Poza Tahrir plazan

Albisteak festa ekarri du Kairoko Tahrir plazara, azken asteetako protesten erdigunera.

Plazan oihuak, poztasuna, abestiak eta banderak dira nagusi. Mubaraken erregimenaren kontrako protestetako erdigunea izan da plaza. Mubarak 1981az geroztik boterean izan da.

Plazara milaka lagun hurbildu dira jendetza artean nahasteko. Manifestariak elkar zoriondu dira, dantzatu eta emozioarekin negar egin dute une historikoaren aurrean.

Oposizioa

"Herriaren garaipen baketsua" goraipatu du Anai Musulmanak mugimenduak eta Mubaraken dimisioa Egiptoko historian "garai berri baten" hasiera dela erantsi du.

Bestalde, dimisioa "Egiptoren emantzipazioa" eta "Egiptoko herriaren askatasuna" dela adierazi du Mohamed ElBaradei Bakearen Nobel Sariak.

Armada

"Herriaren legitimitatearen ordezkorik ez" dagoela adierazi du Armadako Kontseilu Gorenak. Aplikatu beharreko neurriak gutxi barru jakinaraziko dituela iragarri du. Era berean, Egiptoko askatasunaren alde "bizitza eman duten martir guztiei" eskerrak eman dizkiete soldaduek.

Nazioartearen erreakzioa

Mubaraken dimisioarekin "Egiptoko herriaren ahotsa entzun" dela ziurtatu du Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak. Trantsizioa "baketsua eta antolatua" izatea eskatu du NBEko ordezkariak.

Mubaraken dimisioa "ez da trantsizioaren amaiera, hasiera baizik", Barack Obama AEBetako presidentearen ahotan. Egipto "herrialde berdina izatera itzuliko ez" dela adierazi du Obamak.

Demokraziara trantsizio demokratiko azkarrago bat erraztuko du Mubaraken erabakiak, Trinidad Jimenez Atzerri ministroaren esanetan, eta Egiptoko herriaren "eskakizun legitimoak" beteko ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea