Mundua -
Bi eguneko epaiketa, Londresen
Suediara ez estraditatzea eskatu du Assangek
Suedian bidezko epaiketa bat izango ez lukeela argudiatu du Wikileaks-eko sortzailearen abokatuak, normalean bortxaketa auziak ateak itxita epaitzen direlako.
Erredakzioa
Suediara ez estraditatzea eskatu dio Britainia Handiko epaile bati Julian Assange Wikileaks-eko sortzaileak. Assange sexu-abusu delitu batengatik bilatzen dute Suedian. Herrialde horretan "bidezko epaiketarik" ez duela izango eta AEBetara estraditatu dezaketela argudiatu du Assangeren defentsak.
Suedian bidezko epaiketa bat izango ez lukeela argudiatu du Geoffrey Robertson Wikileaks-eko sortzailearen abokatuak, normalean bortxaketa auziak ateak itxita epaitzen direlako.
Suediaren estradizio eskaeraren aurkako argudioak emango dituzte gaur eta bihar Julian Assange WikiLeaksen sortzailearen abokatuek. Suediak sexu-krimenengatik epaitzeko estradizio eskaera egin du. Assangeren abokatuek, halaber, AEBek bere estradizioa eskatu eta heriotza-zigorra ezartzearen beldur dira.
"Suediara estraditatzeko aukera asko daude eta Estatu Batuek bere estradizioa edota legez kanpoko entrega xede izatea. Hori horrela, Guantanamoko Badiako kartzelan edo beste lekuren batean atxilotu lezakete", azaldu dute Interneten argitaratutako auziaren laburpenean.
"Izatez, Assange jauna Estatu Batuen esku utziz gero, oso litekeena da heriotza-zigorra ezartzea", gaineratzen dute dokumentuan.
Fidantzapeko askatasuna ezarri zioten Assangeri abenduan. Australiarrak milaka ezkutuko kable diplomatiko zabaldu zituen bere webgunean eta AEBen jomuga bilakatu zen. Horrez gain, WikiLeaksen bi kolaboratzailek Assangek kondoirik gabeko sexu harremanak izatera behartu zituela salatu dute, eta lau urteko kartzela-zigorra ezar liezaiokete. Suedian egozten dizkioten sexu delituak une oro errefusatu ditu 39 urteko australiarrak.
Gorteak estradizio eskaera onartzen badu, Assangek apelatu lezake eta prozesu judiziala hainbat hilabetez luza liteke.