Mundua -
Iruzkina
Egipto: Iraultza ala errebolta
Krisia luzatuta, Mubaraken Gobernuak uste du denbora irabaziko duela eta normaltasunera itzultzeko gogoak protesta arinduko duela.
Jesus Torquemada
Omar Suleiman Egiptoko presidenteordearen eta oposizioko ordezkarien arteko bilera historikoa izan da, bereziki tartean oraindik ere legez kanpo dagoen Anai Musulmanen ordezkari bat zegoelako. Suleimanek konpromiso garrantzitsuak hartu ditu, baina arazo bat dago: ez da epe zehatzik finkatu eta ez dago hitz emandakoa beteko denaren bermerik.
1981. urtetik indarrean dagoen larrialdi egoera bertan behera uztearena kasu. Suleimanek ez du datarik finkatu eta "segurtasun egoeraren araberakoa" izango dela dio.
Konstituzioaren erreforma aztertuko duen batzorde bat ere eratuko da, demokratikoagoa egiteko helburuz. Azkar egin beharko du lan, ondorioak martxoan aurkeztu nahi baditu, baina Suleimanek ez du ziurtatu ondorio horiek onartuko ote dituzten.
Azken egunotan atxilotuak izan diren pertsonen askatasuna Suleimanen beste konpromisoetako bat da, baina berriz ere eperik gabekoa.
Gairik garrantzitsuena: Mubaraken irteera, manifestariek eskatzen dutena. Mubarakek irailera arte ez duela alde egingo dio, hauteskundeetan boterea irabazleari emango diola.
Gauzak horrela, manifestarien eskari gehienak ez dira bete oraindik eta horiek Kairoko Tahrir plazan elkartuta jarraitzen dute. Laburbilduz, krisia luzatuz doa eta Mubaraken Gobernuak uste du denbora irabaziko duela eta normaltasunera itzultzeko gogoak protesta arinduko duela.