Mundua -

Saudi Arabia

Herrialde arabiarretan adierazpen askatasunik ez dagoela salatu zuen Khashoggik

Turkiako eta Estatu Batuetako hainbat komunikabideren arabera, kazetaria Saudi Arabiak Istanbulen duen kontsulatuan hil zutela esateko frogak ditu Turkiako Poliziak.

Jamal Khashoggi, Saudi Arabiak Istanbulen duen kontsulatuan sartzen, urriaren 2an. Argazkia: EFE
Jamal Khashoggi, Saudi Arabiak Istanbulen duen kontsulatuan sartzen, urriaren 2an. Argazkia: EFE
Jamal Khashoggi, Saudi Arabiak Istanbulen duen kontsulatuan sartzen, urriaren 2an. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herrialde arabiarrentzat adierazpen eta prentsa askatasuna eta informazio eskubidea aldarrikatu zuen Jamal Khashoggik bere azken artikuluan. The Washingotn Post egunkariak argitaratu du gaur lan hori.

Kazetari saudiarabiarra urriaren 2an desagertu zen Saudi Arabiak Istanbulen duen kontsulatuan. Karen Attiah The Whasington Post-eko editoreak biharamunean jaso zuen Khashoggiren artikulua, haren itzultzailearen bidez.

"Hasiera batean ez publikatzea erabaki genuen. Jamalekin batera editatu nahi nuen artikulua, baina orain onartu behar dut ez dela itzuliko", deitoratu du Attiahk.

"Mundu arabiarrak gehien behar duena adierazpen askatasuna da", dio artikuluaren goiburuak. Herrialde arabiarretako gobernuek beren herritarrak "desinformatuta" dituela eta, ondorioz, bere eguneroko bizimoduari edo herrialdeari eragiten dioten gaiei ezin dietela behar bezala heldu kritikatzen du. Areago, publikoki gauzak zalantzan jartzea ezinezkoa izaten dela salatzen du.

"Estatuak zuzendutako narrazioak dominatzen du iritzi publikoa; askok ez dute esandakoa sinesten, baina herritarren gehiengoa kontakizun faltsu horren biktima da. Tamalez, oso aukera gutxi dago egoera hau aldatzeko", eransten du kazetariak.

Bestalde, The New York Times egunkariaren arabera, Saudi Arabiak Khashoggi bere ardurapean hil zela aitortuko du, galdeketa eskutik joan zitzaiola esanez eta errua funtzionario bati leporatuta. Alabaina, oraingoz, herrialde horretako gobernuak  ez du halakorik egin. Alderantziz, kazetariaren desagertzearekin inolako zerikusirik ez duela esan du.

Bitartean, Turkiako Poliziak ikerketarekin jarraitzen du eta atzo Saudi Arabiaren kontsulatua miatu zuen, Istanbulen.

Turkiako eta Ameriketako Estatu Batuetako hainbat komunikabideren arabera, Ankarak Khashoggi egoitza diplomatiko horretan hil zutela baieztatzen duten bideo eta audio grabazioak ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Albisteak Turkia albisteak Kazetaritza Erailketak Saudi Arabiari buruzko albisteak