Mundua -

Iraultza demokratikoa

Egiptoko Armadak iraultzari amaiera emateko dei egin du

Mubarakek dimititu ez badu ere, hauteskundeetara aurkezteari uko egin izana nahikoa iritzi dio Armadak. Oposizioak, baina, protestekin jarraitzea eskatu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egiptoko Armadak ontzat eman du Hosni Mubarak presidentearen iragarpena (ez du dimititu, baina ez da hauteskundeetara aurkeztuko), eta etxera itzultzeko dei egin die herritarrei.

"Bizimodu normala izatea posible da, faraoien eta Piramiden eraikitzaileen bilobentzat posible da zailtasunak gainditu eta segurtasuna lortzea", adierazi du Armadaren bozeramaileak, telebistan irakurritako mezu batean.

Armadaren esanetan, iraultza amaitzeko dei hau ez du egiten "indarraren poderioz", baizik eta "Egiptori dion maitasunaz".

Ez da lehen aldia izan Armada herritarrei zuzendu zaiela. Izan ere, duela bi egun, manifestarien aurka ez zuela indarkeria erabiliko iragarri zuen.

Oposizioak protesta egiten jarraitzea eskatu du

Bere aldetik, oposizioak ohartarazi du ez duela Omar Suleiman presidenteordearekin hitz egingo Mubarakek dimisioa aurkeztu ezean, eta protestekin jarraitzea eskatu die herritarrei.

Bestalde, Egiptoko Parlamentuak saio guztiak eten ditu, azaroan eta abenduan egin zituzten hauteskundeetan izandako irregulartasun salaketak aztertu arte.

Egiptoko herritarak duela astebete hasi ziren diktaduraren aurka protesta egiten, eta harrezkero 30 pertsona inguru hil dira eta 1.500dik gora zauritu jazarpenaren ondorioz.

Halaber, Mubarakek Gobernu berria izendatu eta hauteskundeetan berriz aurkezteari uko egin behar izan dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea