Mundua -

Krisi politikoa

Gobernuaren etxeratze-aginduari aurre egin diote Egiptoko herritarrek

Poliziari laguntzeko agindua eman dio Armadari presidenteak. Gutxienez lau lagun hil dira istiluetan. Mubaraken alderdiko egoitzari su eman eta telebista publikoaren egoitzan sartu dira manifestariak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hosni Mubarak Egiptoko presidenteak etxeratze-agindua ezarri du Kairon eta beste hiri batzuetan. Era berean, segurtasuna bermatzeko Poliziari laguntzeko agindua eman dio Armadari, komunikatu ofizial batek gaur jakitera eman duenez.

Kairon eta beste hiri batzuetan izandako liskarren ostean egin du iragarpena Gobernuak. Protestetan, boterea uzteko eskatu diote Mubaraki (boterean 1981az geroztik), nahiz eta hasiera batean erreforma politikoak eskatu soilik.

Bestalde, manifestariak Egiptoko telebista publikoaren egoitzan sartu dira, Al Arabiya telebistako berriemalearen arabera. Haraino heldu arren, telebista publikoak emititzen jarraitzen du.

Etxeratze-agindua alde batera utzi eta kaleetan jarraitzen dute manifestariek. Mubaraken alderdiko egoitzari su eman diote. Era berean, Kairoko erdialdean dagoen polizia-etxe bati su eman diote manifestariek, baita kanpoaldean ziren Poliziako zenbait autori eta gas-tankeri ere.

Gutxienez lau pertsona hil dira Kairoko liskarretan. Antza denez, Poliziak gomazko pilotak jaurti dizkie manifestariei eta jasotako kolpe horien ondorioz hil dira.

870 lagun zauritu dira Kairon, iturri medikuek jakitera eman dutenez.

Eguerdiko errezoaren ondoren gaiztotu eta nahasi da giroa. Une horretan, milaka eta milaka pertsonak hiriko kaleak hartu dituzte. Hosni Mubaraken aldiaren amaiera eskatzen dute, Egiptoko banderak eskuan hartuta eta gas negar-eragileetatik babesteko maskarak aurpegian ipinita atera dira hiritar asko protesta egitera.

Hasi berri den iraultza honetan, dagoeneko, 10 pertsona hil dira, horien artean bi polizia, eta ehunka hiritar atxilotu dituzte.

Oposizioko liderra atxiki du Poliziak

Protestak hastear ziren unean, Poliziak Mohamed El Baradei, oposizioko liderra atxiki du. Bakearen Nobel Sariari, ez diote utzi manifestazioa hasi den gunetik aldentzen. El Baradei atzo heldu zen Vienatik Kairora, manifestazioetan parte hartzeko, baina batez ere lurraldearen aldaketa politikoa bideratzeko asmoz itzuli da Egiptora.

Erasoak prentsari

Frantziako Kanpo Harremanetarako Ministeritzak zabaldu duenez, Poliziak lau kazetari frantses atxilotu ditu. ''The Guardian'' egunkariaren arabera, Poliziak BBCko eta Al Yazira telebistako berriemaile batzuei eraso egin die.

Mugikor eta Internet barik

Egiptoko hiriburuan, Interneteko konexioak etenda daude protesta jardunaldiaren atarian. Interneteko hornitzailerik garrantzitsuenek ez dute funtzionatzen, ezta sare finko eta mugikorrak ere. Momentuz, ez dago argi konexioak zergatik eten diren, baina ordu batzuk lehenago Facebook eta Twitter bezalako sare sozialak ere blokeatu egin dira, giza eskubideen aldeko erakundeek salatutakoaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea