Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Auzitegi Goreneko epaile izateko tramite erabakigarria gainditu du Kavanaughek
Donald Trumpen hautagaia da Brett Kavanaugh, eta hiru emakumek sexu-abusuak egin izana leporatu diote.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Brett Kavanaugh epaileak urrats garrantzitsua eman du gaur Ameriketako Estatu Batuetako Auzitegi Gorenerako hautagai izateko, sexu-abusuak egin izana leporatu badiote ere.
Auzitegi Goreneko magistratu izateko Donald Trump presidente estatubatuarrak proposatutako hautagaia da Kavanaugh.
Biktima batek Kavanaughek egin zizkion ustezko gehiegikeriak kontatu zituen atzo Senatutan. Gaur, ganbera horretako Batzorde Judizialak epailearen hautagaitza babestu du, errepublikanoek gehiengoa dutela baliatuta.
Orain, Senatuaren osoko bilkuran bozketa egin beharko dute, hautagaitza hori onartu ala atzera botatzea erabakitzeko. Alabaina, Batzorde Judizialaren jarrera kontuan hartuta, oso litekeena da goiko ganberak ere ildo berean bozkatzea.
Nolanahi ere, bozketa hori noiz izango den ez dago argi. Senatari kontserbadore batek Kavanaughen kontrako salaketak ikertzeko eskatu dio FBIri. Halaber, ikerketa hori astebetekoa izatea galdegin du eta, ondorioz, bozketa astebetez atzeratzea proposatu du.
Bestalde, Trumpek esan du ez duela bere erabakian atzera egiteko asmorik eta berretsi egin du bere hautagaia Kavanaugh dela.
Hiru emakumezkok salatu dute Kavanaughek sexu-gehiegikeriak egin zizkiola duela zenbait hamarkada. Atzo, Christine Blasey Ford Senatuan izan zen eta, 1982an, epaile hori bera bortxatzen saiatu zela kontatu zuen senatari eta komunikabideen aurrean.