Mundua -
Gutxienez 500 atxilotu
Bi lagun hil dira Egipton protesta politikoen ondorioz
Egiptoko poliziaren eta ehunka manifestarien arteko istilu larriak izan dira Kairoko erdialdean. Dozenaka lagun zauritu dira liskarretan.
Erredakzioa
Manifestari bat eta polizia bat hil dira Kairoko auzo bateko liskarretan. Guztira sei lagun hil dira Egiptoko protestetan.
Egiptoko poliziaren eta ehunka manifestarien arteko istilu larriak izan dira Kairoko erdialdean. Dozenaka lagun zauritu dira liskarretan. Hosni Mubarak Egiptoko presidentearen erregimenaren aurkako protesten bigarren eguna da gaurkoa.
Gutxienez 500 manifestari atxilotu dituzte Egiptoko segurtasun indarrek liskarretan, Barne Ministerioak gaur jakitera eman duenez.
Manifestariak Gorte Goreneko eta Kazetarien Sindikatuko inguruetan bildu dira, segurtasun neurri handien artean.
Manifestaldietako partehartzaileek kale nagusia itxi dutenean istiluak areagotu dira, izan ere, segurtasun indarrek gas negar-eragileekin eta gomazko balekin kargatu dute.
Metroan
Poliziaren erasoaren ostean, manifestari askok metro geltoki gertuenera jo dute babes bila, poliziak makilekin eta ur kanoiekin jazartzen baitzituen. Metro geltokia Naser izenekoa da, Gamal Abdel Naser hildako presidente ohiaren omenez.
Jende-oldeak metroaren sarrera kolapsatu eta ateak kaltetu ditu. Era berean, kalean aparkatuta zeuden ibilgailuek eta dendarien postuek kalteak jasan dituzte.
Gutxi geroago, manifestariek botilak eta harriak bota dizkiete poliziei Tahrir kalean. Auto bati su eman diote, eta baita zenbait gurpili ere.