Mundua -
Tunisiaren ostean
Hiru lagun hil dira Egiptoko Suez hirian protesten ondorioz
Milaka lagunek Mubaraken Gobernuaren aurka protesta egin dute. Azken hiru hamarkadetako mobilizaziorik handienak dira eta Tunisiako Ben Aliren erregimenarekin amaitu zuten protestek piztu dituzte.
Erredakzioa
Hiru lagun hil dira gaur Egipto iparraldean, Suez hirian, Gobernuaren aurkako protestetan, osasun eta segurtasun zerbitzuek jakinarazi dutenez.
20.000 bat lagunek Gobernuaren kontra protesta egin dute gaur Kairon eta hiri nagusietan. Hosni Mubarak presidentearen 30 urteko agintaldian izan diren mobilizazio handienak izan dira.
Manifestariek Poliziari aurre egin diote. Poliziak ur kanoiak eta gas negar-eragileak erabili ditu manifestaldiak desegiteko. Azken hiru hamarkadetako mobilizaziorik handienak dira eta Tunisiako Zine el Abidine Ben Aliren erregimenarekin amaitu zuten protestek piztu dituzte.
Zenbait manifestarik poliziak jazarri dituzte Kairoko kaleetan eta polizietako batek manifestariekin bat egin du, Reuters albiste-agentziako kamera batek grabatu duenez.
Alexandrian
Alexandrian Mubarak presidentearen irudi bat eta Gamal semearen beste irudi bat lurrera bota dituzte. Tunisian bezala, Egipton bizi duten prezioen hazkundeak, pobreziak, langabeziak eta erregimen autoritario batek eragin dituzte mobilizazioak. Erregimenak azkar zapaldu ditu manifestazio horiek.
Ehunka lagun biltzen ohi dira Egiptoko manifestazioetan, baina oraingoan askoz lagun asko bildu dira, hiri ezberdinetan; 1981ean Mubarak agintea hartu zuenetik manifestazio ugarienak izan dira.