Mundua -
% 35eko abstentzioa
Krisi ekonomikoa, Portugaleko hauteskunde eguneko ardatz
Inkesten arabera, egun presidente den Anibal Cavaco Silva kontserbadoreak irabaziko du lehen itzulian. Defizit publikoa murrizteko zergak igotzea eta funtzionarioen soldatak gutxitzea babesten du.
Erredakzioa
Bederatzi milioi portugaldarrek presidentea aukeratuko dute, azken 30 urteetako krisi ekonomikoa ardatz duen hauteskunde egunean.
Asteon zabaldutako inkesta baten arabera, herritarrek ez dute politikariengan sinesten eta herrialdearen egoerak arduratzen ditu. Hori horrela, boto-emaileen % 65 bozkatuko duela aurreikusi dute eta askok bat datoz euren eskakizunekin; politikariek arreta handiagoa jartzea langabeziari (% 11), osasun sistemari, hezkuntza publikoari eta finantza sistemaren ezegonkortasunari.
Guztira presidente kargurako sei hautagai daude, joera anitzekoak eta programa oso ezberdinak aurkeztu dituztenak. Inkesten arabera, Anibal Cavaco Silva egungo presidenteak irabaziko du eta Manuel Alegre sozialista izango da bigarren bozkatuena.
Horrenbestez, adituek zein merkatuek aurreikusi dute Cavaco Silva izango dela berriz agintean. Hori horrela, Nazioarteko Diru Funtsaren eta Europar Batasunaren erreskate finantzarioa ekiditeko austeritate planekin jarraitzeko aukera izango du.
Ekonomia irakasle izandakoa Alderdi Sozialdemokratako hautagai den arren, Jose Socrates lehen ministro sozialistaren estrategia ekonomikoaren aldekoa da. Biek ala biek defizit publikoa murrizteko zergak igotzea eta funtzionarioen soldatak gutxitzea babesten dute.