Mundua -
Amnistia legea
Alderdi politiko guztiak onartuko ditu Tunisiako Gobernu berriak
Orain arte debekatutako alderdi politiko guztiak onartzea erabaki du Gobernuak bere lehen bileran. Era berean, preso politiko guztientzako amnistia lege bat egitea erabaki du Exekutiboak.
Erredakzioa
Orain arte debekatuta zeuden alderdi eta mugimendu politiko guztiak onartzea erabaki du Tunisiako Gobernu berriak bere lehenengo bileran. Era berean, preso politiko guztientzako amnistia lege bat egitea erabaki du Exekutiboak, Ahme Ibrahim Hezkuntza ministroak iragarri duenez.
"Amnistia orokor batekin ados gaude", azaldu du Ibrahim Ettajid alderdiko buruzagiak. Zine al Abidine Ben Ali boteretik kendutako presidenteak onartutako oposizioko alderdietako bat da Ettajid, eta orain Exekutiboan dago.
"Bilera historikoa izan da. Erabat ados geunden", adierazi du ministroak. Amnistiak Ennahda islamiar mugimenduko pertsona espetxeratuak aintzat hartuko dituen galdetu diote ministroari eta Ibrahimak "noski baietz" erantzun du, "mundu guztia hartuko du amnistia honek".
Bestalde, Ennahda bezalako mugimendu politikoen debekua kentzeko Gobernuan "erabateko akordioa" dagoela azaldu du Mohamed Aloulou Gazteria ministroak. "Ez dugu atzerapausorik emango (…) mugimendu politiko guztiak onartuko ditugu", esan du.
Bien bitartean, orain arte Gobernua utzi duten kideak "oraingoz" ez dituztela ordezkatuko iragarri du Slim Amamou Gazteria estatu-idazkariak Twitterren bidez. Era berean, unibertsitateetatik "Polizia kentzea" erabaki dutela azaldu du Amamouk.