Mundua -

NBEren arabera

Ehun lagun baino gehiago hil dira Tunisiako liskarretan

Gobernuaren arabera, ordea, 78 dira. Nazio Batuek giza eskubideetan adituen talde bat bidaliko dute Tunisiara, zer gertatu den azter dezan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehun lagun baino gehiago hil dira Tunisian Zine al Abidine Ben Ali kargutik kendu zuten presidentearen aurkako manifestazioen ondorioz, Navi Pillay Nazio Batuen Erakundeak Giza Eskubideetarako duen goi-komisarioaren arabera.

"Azken bost asteotan, ehun pertsona baino gehiago hil dira tiroketetan, bere buruaz beste eginda eta kartzeletako matxinaden ondorioz, nire bulegoari jakinarazi diotenez", esan du Genevan egindako prentsaurreko batean. Tunisiako Gobernuaren arabera, 78koa da hildako lagunen kopurua.

NBEk giza eskubideetan adituen talde bat bidaliko du Tunisiara, zer gertatu den ikertzeko eta Gobernu berriari laguntza emateko, Pillayk jakinarazi duenez. "Baliteke aditu taldea datorren astean heltzea Tunisiara".

Nazio Batuen Erakundeak giza eskubideetarako duen goi-komisarioak esan duenez, Radhouane Nouicer Atzerri ministrorde berriarekin hitz egin du, eta, antza denez, pozik agertu da NBEren egiteasmoarekin.

Bestalde, Suitzak Ben Ali presidente ohiaren eta bere familiaren kontu korronteak blokeatu ditu. Hiru erakundek salatu zituzten "Frantzian ondasunak bidegabe lortzeagatik eta diru publikoa Frantziako kontu korronteetara bidaltzeagatik".

Era berean, Francois Baroin Gobernuko bozeramaileak jakinarazi duenez, Frantziak istiluen aurkako polizia materialaren kargamentu bat atzeman du, Ben Ali presidente ohiak eskatutako zela ikusita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea