Mundua -
Estatu Batuak
New Yorkeko Fiskaltzak adingabeei Elizan egindako sexu-abusuak ikertuko ditu
Fiskalburuak uste du New Yorkeko elizbarrutiek sexu-erasoak ezkutatu zituztela, eta biktimei euren testigantzak emateko eskatu die, ikerketan laguntzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Barbara D. Underwood New Yorkeko fiskalburuak ikerketa bat abiatu du, estatu horretako zortzi elizbarrutietan apaizek adingabeei egindako sexu-abusuak ezkutatu zituztelakoan.
Ohar bidez jakinarazi duenez, Fiskaltzak biktimekin eta gehiegikeria horiei buruzko informazioa izan dezakeen pertsona ororekin harremanetan jarri nahi du, datuak biltzeko eta ikerketan aurrera egiteko. Horrenbestez, eta ikerketan aurrera egiteko asmoz, kexa bat aurkez dezatela galdegin die.
Fiskaltzaren bozeramaile batek azaldu duenez, ikerketa zibila izango da eta adingabeek egindako salaketen berri bazutela eta, hala ere, sexu-abusuak estali egin zituztela argitzea izango du helburu.
Azkenaldian, Eliza katolikoaren baitan adingabeei egindako sexu-erasoei buruzko hainbat kasu ezagutu dira Estatu Batuetan. Pennsylvanian, esterako, sei elizbarrutitan izandako 300 kasu baieztatu dituzte eta biktimak milatik gora izan daitezkeela ondorioztatu dute.
"New Yorkeko biktimek ere entzunak izateko eskubidea dute eta ahal dugun guztia egingo dugu justizia egin dadin", adierazi du fiskalburuak.