Mundua -
Birmania
Nazioarteko Zigor Auzitegiak rohingya herriaren deportazioa ikertuko du
Fiskaltzak Birmania ikertzea eskatu zuen, gizateriaren krimenak egin dituelakoan. 2017ko abuztuaz geroztik, 700.000 rohingyek egin dute ihes Birmaniatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nazioarteko Zigor Auzitegiak jakinarazi du Birmania rohingya herriaren kontra egiten ari den deportazioak ikertzeko eskumena duela.
Birmaniak ez du Nazioarteko Zigor Auzitegiaren jurisdikzioa aitortzen, baina epaileek ondorioztatu dute ustezko krimenak Bangladeshen gauzatu dira, eta herrialde horrek Erromako Ituna berretsi du, Hagako Auzitegia sortzeko ituna, hain zuzen ere.
Gauzak horrela, eta Fiskaltzak hala eskatuta, Nazioarteko Zigor Auzitegiak Birmania ikertuko du indarkeria erabilita legez kanpoko deportazioak eginda gizateriaren kontrako krimenak burutu dituelakoan.
Nazio Batuen Erakundeak, hainbat komunikabidek nahiz Amnistia Internazionala eta Human Right Watch bezalako gobernuz kanpoko erakundeek rohingya herriaren kontrako errepresioari buruz zabaldutako datuak bildu ditu Fiskaltzak.
Rohingyek herri musulman txiki bat osatzen dute eta Birmanian bizi dira, baina herrialde horretako agintariek ez dituzte aintzat hartzen.
Bangladesheko mugan dauden poliziei egindako ustezko eraso baten aitzakiapena, Birmaniako Gobernuak rohingyen kontrako errepresioa abiatu zuen 2017ko abuztuaren 25ean. Orduz geroztik, 700.000 rohingya inguru ihesean joan dira Bangladeshera.