Mundua -
Eskozia
Salmondek dimisioa eman du SNP alderdian, sexu-eraso salaketen ondorioz
Politikariak ukatu egin ditu salaketak, baina esan du barne zatiketak saihestu nahi dituela alderditik alde eginda.
agentziak | erredakzioa
Alex Salmond Eskoziako ministro nagusi ohiak dimisioa eman du Eskoziako Alderdi Nazionalistan (SNP) sexu-eraso salaketa batzuen ondorioz, nahiz eta ukatu egin dituen.
Politikariak esan du barne zatiketak saihestu nahi dituela alderditik alde eginda, alderdikide batzuek kanporatzea eskatu baitute.
2014an Eskoziaren independentziari buruzko erreferenduma egitea lortu zuen ministro nagusi ohiak azpimarratu du bere izena garbitutakoan SNPra itzuliko dela.
Akusazio irrigarriak
Eskoziako Gobernu autonomoak barne-ikerketa egin zuen, Salmonden aurkako salaketen harira, eta horiek Poliziari helaraztea erabaki zuen aurreko astean; politikariak, dena den, ezeztatu egin zuen Eskoziako Gobernuaren buru zegoela inolako jazarpenik egin izana, eta akusazioak "irrigarriak" direla esan zuen.
Salmondek bideo bat bidali zien hainbat komunikabideri asteazken gauean, bere dimisioaren berri emateko. Bertan jakinarazi zuenez, alderdiko idazkaritza nagusiari idatzi zion, bere erabakiaren berri emateko.
"45 urte eman ditut Eskoziako Alderdi Nazionalistan; horietako 20tan, alderdiko liderra izan naiz, eta zazpitan, Eskoziako ministro nagusia", adierazi zuen Salmondek. Horrez gain, Eskoziaren mugimendu independentistaren alde egiten jarraitzeko agertu zen. "Benetan maite ditut SNP eta Eskoziako mugimendu independentista. Nire bizitzan, konpromiso handiak izan dira. Baina, gaurkoan, idazkaritza nagusiari idatzi diot, afiliazioari uko egiteko", azaldu zuen.
Salmonden hitzetan, Nicola Sturgeon Eskoziako ministro nagusiak presioak jasan ditu, beste alderdi batzuen aldetik, bera zigor zezan: "Ez nintzen sartu politikan oposizioak SNPri eraso egiteko aukerak errazteko, eta, Parlamentua datorren astean izango denez bueltan, dimisioa eman dut, eraso horiek desager daitezen".
"Baina gauza bat oso argi dut: alderdiak bere burua ni zigortzera behartuta ikusten badu, horrek barne-zatiketa handia sortuko luke", erantsi zuen.
Eskoziako Gobernuaren aurkako kereila
Aurreko astean, Salmondek iragarri zuen Eskoziako Gobernuaren aurkako kereila aurkeztu zuela, Gobernuak, barne-ikerketa egiten ari zenean, ez ziolako utzi bere burua defendatzen.
Eskoziako komunikabideen arabera, jazarpena urtarrilean salatu zuten bi lagunek, Salmond ministro nagusi zenean Gobernuko langile ziren bik.
Prentsaren arabera, 2013ko abenduan gertatu ziren erasoak, Bute Housen, ministro nagusiak Edinburgon duen egoitza ofizialean.
Duela egun batzuk, Sturgeonek esan zuen Salmonden aurkako salaketak, nahiz eta berarentzat onartzeko zailak eta alderdiarentzat "gogaikarriak" diren, modu "zuzen eta egokian" ikertu behar zirela.
Salmond 2007 eta 2014 bitartean izan zen Eskoziako ministro nagusi. 2014ko irailean, erreferenduma egin zuten Eskozian, Erresuma Batuan jarraitu edo independentzia aldarrikatzea erabakitzeko; eskoziarren % 55ek Erresuma Batuan jarraitzearen aldeko botoa eman zuten. Emaitza horien ondorioz, Salmondek dimisioa eman zuen, eta Sturgeonek hartu zuen Eskoziako Gobernuaren eta SNPren buruzagitza.