Mundua -
Argentina
Cristina Fernandezen etxeak miatzeko baimena eman dio Argentinako Senatuak Justiziari
2007 eta 2015 bitartean izan zen presidente, eta ustelkeriarekin lotutako hainbat auzitan auzipetuta dago, besteak beste, obra publikoen esleipenetan ustez egindako irregulartasunengatik.
Agentziak | Erredakzioa
Cristina Fernandez de Kirchner presidente ohiak Buenos Aires hiriburuan eta Argentina hegoaldean dituen etxeak miatzeko baimena aho batez eman dio Argentinako Senatuak Claudio Bonadio epaileari.
2007 eta 2015 bitartean izan zen presidente, eta ustelkeriarekin lotutako hainbat auzitan auzipetuta dago, besteak beste, obra publikoen esleipenetan ustez egindako irregulartasunengatik.
Cristina Fernandez foruduna denez, Argentinako Justiziak haren aurka har dezakeen edozein neurrik Argentinako Senatuaren oniritzia behar du.
Estatuko buruzagi ohia bere etxeetan miaketak egiten uzteko prest agertu zen asteartean, ustezko eroskeria kasuaren inguruan sortutako "ikuskizuna" amaitzea nahi zuela esan zienean bere alderdikideei.
"Ez dut inolako arazorik Bonadio epaileak egindako eskaera baimentzeko", esan zuen Fernandezek senatariei igorritako gutun ireki batean.
Alabaina, Fernandezek baldintza batzuk jarri ditu miaketa horiek baimentzeko. Besteak beste, kamerarik ez erabiltzeko eskatu dio epaileari, etorkizunean irudi horiek "umiliatzeko eta zirikatzeko asmoarekin" erabil ez ditzaten. Halaber, miaketak egiten dituzten unean bere abokatuak eta senatariren bat bertan izatea eskatu du.
Gainera, Buenos Aires hiriburuan eta Argentina hegoaldean dituen etxeetan sartzen direnean, "ezer ez apurtzeko" eskatu dio Bonadiori, eta hormak edo sabaiak eskaneatu nahi izanez gero, horretarako behar dituzten tresna guztiak eramateko esan dio.
Azkenik, bere "objektu pertsonal guztiak" babesteko deia egin dio epaileari. "Urrezko lingoteak, milioika dolar edota harri bitxiak dituzten poltsak aurkitzen badituzte, bertatik eraman ditzakete, baina argi dago eraztun bat edo lepoko bat egunerokoan erabiltzen ditudan objektu pertsonalak direla", esan du presidente ohiak, ironia erabiliz.