Mundua -
Venezuela
PDVSAren filiala den Citgo konfiskatzea baimendu du AEBko epaile batek
Kanadako Crystallex enpresak 1.400 milioi dolar eskatzen ditu Venezuelan zituen negozioak nazionalizatzeagatik.
Agentziak | Erredakzioa
Estatu Batuetako epaile batek Citgo konfiskatzea baimendu du —Estatuarena den Venezuelako Petrolioen (PDVSA) filiala da AEBen— Kanadako Crystallex meatzaritzako enpresaren alde. 1.400 milioi dolar eskatzen ditu Kanadako enpresak Venezuelan bere negozioak nazionalizatzeagatik.
Leonard P. Stark epaile federalaren erabakia Citgoren konfiskazioari baimena ematen dion lehenengoa da.
Konfiskatzea salmentaren aurreko urrats bat da. Epaiari helegitea jarri diezaioke PDVSAk, eta erabakiaren xehetasunak eta baldintzak oraindik ez dira ezagutzara eman.
Hala ere, Citgoren konfiskatzearen ondorioz Estatu Batuetan daukan aktibo nagusia galduko luke Nicolas Maduroren gobernuak.
Gainera, The Wall Street Journal kazetak esan duenez, Citgo galtzeak arriskuan jarriko luke Venezuelari etekinak ematen dizkion petrolio merkatuetako bat, Estatu Batuak.
Citgo Petroleumen bidez, PDSVAk hiru findegi ditu Texas, Illinois eta Louisianan, baita 10.000 gasolindegi herrialde osoan zehar.
Jomuga Citgon jarri duten enpresetako bat da Crystallex, eta lehenengoa izan da aldeko epai bat jasotzen Estatu Batuetako Justizian.
Kanadako enpresak 1.400 milioi dolar eskatzen ditu 2008an Las Cristinas meatokia nazionalizatu izanagatik. Munduko urre-meatze handienetariko bat da.