Mundua -

AEB-Iran

Iranen kontrako zigorrak martxan jarri ditu berriro AEBk

Maiatzean, Donald Trumpek Errepublika Islamikoarekin zuen hitzarmen nuklearra uztea erabaki zuen. Akordio horrek "kale egin du Irango bonba nuklearrerako bidea blokeatzeko helburuan".

Teheraneko Bazar Handia / EFE.
Teheraneko Bazar Handia / EFE.
Teheraneko Bazar Handia / EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak martxan jarri ditu berriro, astearte gauerditik aurrera, 2015eko hitzarmen nuklearrari esker bertan behera geratu ziren Iranen kontrako zigor ekonomikoak.

Maiatzean, AEB hitzarmen nuklearretik kanpo uztea erabaki zuen Donald Trumpek. Akordio horri esker, Errepublika Islamikoak bere industria atomikoa murriztea erabaki zuen, nazioarteak Iranen kontrako ezarritako zigorrak kentzearen truke.

AEBko presidenteak 90 eguneko epea jarri zuen zigorrak eteteko, Iran akordio berria negoziatzeko prest egon zedin, baina Hassan Rohaniren gobernuak ez zuela hitzarmen berri bat negoziatuko erantzun zuen.

Astelehenean agortu da 90 eguneko epe hori, eta Trumpek etendako zigor horien zati bat abuztuaren 7tik aurrera aktibatzeko agindu betearazlea sinatu du jada. Zehazki, dolarrak erosteko debekua berriro jarriko dute indarrean, baita rialekin (Irango diruarekin) egindako transakzioen, Irango zorraren, urrea eta beste metal preziatuen merkataritzaren, grafitoaren, aluminioaren, burdinaren, kobrearen eta erabilera industrialerako softwarearen eta sektore automobilismoaren gaineko zigorrak ere.

Azaroaren 5ean jarriko dira berriz martxan gainerako zigorrak: petrolio transakzioaren ingurukoak, atzerriko finantza instituzioen operazioak Irango Banku Zentralarekin, portuko jardueraren ingurukoak eta energia sektorearen gainekoak.

Egun horretan, "Administrazioak Irango ehunka pertsona, entitate, ontzi eta hegazkin (zigortuen) zerrendan sartuko ditu berriro", Etxe Zuriak komunikatu batean iragarri duenez.

Trumpen iritzian, zigor hauek berreskuratzea bat dator AEB akordio nuklear "beldurgarritik" ateratzeko erabakiarekin. Hitzarmen horrek "kale egin du Irango bonba nuklearrerako bidea blokeatzeko helburuan, eta dirua eman dio diktadura hiltzaile bati", esan du Trumpek.

AEBko presidentearen arabera, "hitzarmena lortu zenetik, Irango erasoaldia hazi egin da". "Erregimenak akordioagatik jaso duen diru andana erabili du ahalmen nuklearra duten misilak garatzeko, terrorismoa finantzatzeko eta Ekialde Hurbilean gatazkak bultzatzeko", esan du.

Hala ere, Trump "hitzarmen osoagoa adosteko prest dago", "Erregimenaren ekintza gaiztoen zerrenda luzeari modu egokian heltzeko, misilen programa eta terrorismoari ematen dion laguntza tartean".

Beste herrialdeei presioa

Trumpek azpimarratu duenez, Iran mehatxua da AEBrentzat eta aliatuentzat, eta, hori dela eta, beste herrialdeak urrats bera ematera animatu ditu, "Erregimenari argi uzteko erabaki bat hartu behar duela: mehatxuzko jarrera aldatu eta ekonomia globalean berriz sartzea ala isolamendu ekonomikoaren bidean jarraitzea”.

AEBko presidenteak esan duenez, zenbait herrialdek Irango petrolioa erosteari uzteko edo murrizteko asmoa adierazi dute, eta nazioarteko enpresek Irango merkatua utziko dutela iragarri dute.

"Iranekin negozioak egiten dituzten herrialdeekin estu lan egingo dugu" zigor berriak betetzen direla ziurtatzeko, iragarri du Trumpek, eta hori egiten ez duten pertsona eta enpresek "ondorio larriak" izango dituztela ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Iran