Mundua -
Merkataritza akordioa
Europar Batasunak eta AEBk merkataritza gerra amaitzeko akordioa egin dute
Jean-Claude Juncker eta Donald Trump bi ordu eta erdiz egon dira bilduta Etxe Zurian. Itunaren garrantzia azpimarratu dute biek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europar Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek merkataritza gerrari amaiera emateko eta aro berri bat hasteko akordioa egin dute.
Ez zen horrelakorik espero, baina hala iragarri dute Donald Trump AEBko presidenteak eta Jean-Claude Juncker Europar Batzordeko presidenteak Etxe Zurian egin duten agerraldi bateratuan. Bi ordu eta erdiz egon dira bilduta bi agintariak.
"Gaurkoa egun handia da", azpimarratu du Trumpek. "Etxe Zurira akordioa lortzeko asmoz etorri naiz, eta lortu dugu", adierazi du Junckerrek.
Adierazpen bateratu horretan, merkataritza aro berri bati ekingo diotela iragarri dute Bruselak eta Washingtonek.
Itunak lau konpromiso biltzen ditu eta horiek lantzen dituzten bitartean muga-zerga gehiagorik ez jartzeko eta altzairuari eta aluminioari ezarritakoak berriro aztertzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek.
Lau konpromiso
Akordioaren lehendabiziko puntuaren arabera, ibilgailuen kasuan izan ezik, gainerako produktu industrialetan muga-zergarik ez izatea da helburua.
Halaber, zerbitzuetan eta beste hainbat produktutan (kimikoak, farmazeutikoak eta medikuntzakoak) mugak murrizteko konpromisoa hartu dute. Ildo horretan, Europar Batasuna berehala hasiko da AEBko soja erosten, Trumpek esan duenez.
Bigarren puntuan, energia kontuetan elkarlanean aritzea adostu dute. Brusela prest agertu da AEBko gas natural likidoa inportatzeko, adibidez.
Hirugarrenik, merkataritza harremanak errazteko oinarriak finkatzeko lan egingo dute, oztopo burokratikoak eta gastuak murriztuta.
Amaitzeko, Europar Batasuna eta AEB elkarlanean arituko dira bere enpresak mundu osoan "jarduera komertzial desleialetatik" babesteko.