Mundua -

Estatu Islamikoa

Mitin baten aurkako erasoak 128 hildako eta 122 zauritu utzi ditu Pakistanen

Estatu Islamikoaren suizida batek soinean zeramatzan lehergailuak zartarazi ditu Siraj Raisani ANPko politikariaren mitinean. Leherketak buruzagi abertzalea zauritu du, eta ospitalean hil egin da.

ANP alderdi abertzalearen aurkako erasoan hildakoen gorpuak, Quettan (Pakistan). Argazkia: EFE
ANP alderdi abertzalearen aurkako erasoan hildakoen gorpuak, Quettan (Pakistan). Argazkia: EFE
ANP alderdi abertzalearen aurkako erasoan hildakoen gorpuak, Quettan (Pakistan). Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 128 pertsona hil eta 122 zauritu ditu eraso suizida batek Pakistango mendebaldean. Atentatua hauteskunde-kanpainako ekitaldi batean gertatu da. Hauteskundeak egiteko bi aste eskas falta dira. Estatu islamikoak erasoa bere gain hartu du agiri batean.

“Hildakoak 128 dira, eta 122 zauritu daude”, adierazi du Qaim Lashari Mastung barrutiko mandatariaren ondokoak. Erasoa Baluchistan probintzian gertatu da.

Suizida batek soinean zeramatzan lehergailuak zartarazi ditu Siraj Raisani Awami Alderdi Abertzaleko (ANP) politikariaren mitinean, azoka batean, Quettatik 35 kilometro hego-mendebaldera, Sana Ullah Mastung barrutiko Poliziaren bozeramaileak jakitera eman duenez.

“Erasotzailea pertsonen artean eserita zegoen, eta soinean zeramatzan lehergailuak ekitaldiaren bukaeran zartarazi ditu”, zehaztu du Ullahek.

 

"Erasotzailea pertsonen artean eserita zegoen"

 

Raisani hautagaia leherketan zauritu eta ospitale batean hil egin da, Lashkari anaiak jakinarazi duenez. Politikariaren seme bat, 2011an, atentatu terrorista batean hil zutela gogorarazi du iturri berdinak.

Hauteskunde-kanpainako ekitaldi baten aurkako eguneko bigarren erasoa izan da. Ministro ohi baten aurkako atentatuak lau hildako eta 19 zauritu utzi ditu goizean, Bannu hirian, Khyber Pakhtunkhwa probintzian. Akram Durrani Etxebizitza ministroa izan zen azken Gobernu zentralean. Jamiat-Ulema-Islam alderdiko hautagaia onik atera da.

Iragan asteartean, ANPren kontrako beste eraso suizida batek gutxienez 20 pertsona hil eta beste 60 zauritu zituen Khyber Pakhtunkhwan. Atentatua Pakistango talibanak aldarrikatu zuten. Erasoan Haroon Bilour politikari ospetsua hil zuten.

Pakistanek hauteskunde orokorrak egingo ditu uztailaren 25ean. 105 milioi herritarrek botoa emateko eskubidea dute, Hauteskunde Batzordearen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Atentatuak Estatu Islamikoa Jihadismoa Albisteak Hauteskundeak gaur Asia albisteak Pakistan Terrorismoaren Biktimak