Mundua -
Eguraldia
Fabio ekaitz tropikala urakan bihurtu da Mexikoko kostaldean
15 kilometro orduko abiaduran mendebalde-ipar-mendebalderantz doa. Orduko 120 kilometroko haize-ufadak ditu, baina bortitzenak 150 kilometro ordukoak dira.
Agentziak | Erredakzioa
Fabio ekaitz tropikala 1 kategoriako urakan bihurtu da, eta indarra hartzen jarraitzen du Mexikoko kostaldean, Sistema Meteorologiko Nazionalak (SMN) gaur jakitera eman duenez.
Bertan 10:00ak zirenean (Euskal Herrian, 15:00ak), Fabio Perula (Jalisco) hondartzatik 970 kilometrora zegoen; San Lucas lurmuturretik (Hego Kalifornia Beherea) 1.125 kilometro hegoaldera.
Estatu horietako biztanleei neurriak hartzeko eskatu die SMNk, euri, haize eta olatu handiak espero baitituzte, eta Babes Zibileko Sistema Nazionalak emandako gomendioak kontuan izatea eskatu du.
Orduko 15 kilometroko abiaduran doa mendebalde-iparmendebalderantz. Orduko 120 kilometroko haize-ufadak ditu, baina bortitzenak orduko 150 kilometrokoak dira, SMNk zehaztu duenez.
Fabio Michoacan eta Colima estatuen kostaldean sortu zen igandean. Datozen bi egunetan 3 kategoriako urakan bihur daiteke, baina ez du herrialdea joko, eta ostiralean indarra galduko du eta ekaitz tropikal bihurtuko da berriro.
Hala ere, Fabioren eraginez, euri-jasa handiak espero dituzte Mexikoko mendebaldean.