Mundua -
Europako Kontseilua
EBean migratzaileen zentro 'kontrolatuak borondatez' sortzea adostu dute buruzagiek
Gainera, “legez kanpoko immigrazioa prebenitzeko” Espainiari eta Marokori “laguntzeko” konpromisoa hartu dute EBko estatuburuek eta gobernuburuek.
Agentziak | Erredakzioa
Europar Batasunaren barruan migratzaile zentroak sortzeko aukera adostu dute EBko estatuburuek eta gobernuburuek, baina “borondatean oinarrituta”. Zentro horietatik, asilo-eskatzaileak birkokatu, eta migratzaile ekonomikoak jatorrizko herrialdeetara bidaliko dituzte.
EBko lurralde barruan zentro “kontrolatu” horiek sortzeko proposamena Frantziak eta Italiak bultzatu dute. Errefuxiatuak eta EBra bidaiatzeko baimenik ez duten migratzaile ekonomikoak bereizteko balio izatea espero dute. Migratzaile ekonomikoak jatorrizko herrialdeetara itzuliko dituzte zentroek, eta errefuxiatuak estatu kideetan banatu, baina “borondatezko” akordioetan oinarriturik.
Azken akordioa immigrazio arloa adostasun batera heltzearen menpe jarri du Italiak. Horrela, agintariek 13 ordu baino gehiago eman dituzte negoziatzen, erronkari aurre egiteko konpromiso baten bila.
Bestalde, itsasoan erreskatatzen dituzten migratzaileak lehorreratzeko “ikuspegi berri” bat jaso du ondorioen testuak: EBtik kanpo migratzaile zentroak sortzea.
Horrela, “hirugarren herrialdeekin, Nazio batuen Errefuxiatu Agentziarekin eta Migraziorako Nazioarteko Erakundearekin lankidetzan, eskualdeko lehorreratze plataformak” lantzeko eskatu diete buruzagiek Europako Batzordeari eta Kontseiluari. Era berean, asilo-eskatzaileak eta migratzaile ekonomikoak bereziko dituzte plataforma horietan.
Igarotze eta jatorrizko herrialdeentzako dirua
Igarotze eta jatorrizko herrialdeekin lankidetza estutzeko beharra azaldu dute estatuburuek eta gobernuburuek, migrazioaren zergatiak arintzeko. Horretarako, Afrikari laguntzeko, 500 milioi euro gehiago bideratuko dituzte, eta beste 3.000 milioi EB-Turkia akordioa indartzeko.
Mediterraneoko ibilbideak erabiltzen dituzten migratzaileen kopuruak behera egin du, oro har; Alborango itsasoan, ostera, nabarmen egin du gora azken hilabeteetan. Horregatik, “legez kanpoko immigrazioa prebenitzeko”, Espainiari eta Marokori “laguntzeko” konpromisoa hartu dute.
EBren kanpo mugak eta Frontex kostazainen agentzia indartzea adostu dute buruzagiek.
Azkenik, ekialdeko herrialdeen (Hungaria) oniritzia lortu dute Europako agintariek; izan ere, errefuxiatuen birkokapena borondatezkoa izango dela zehaztu dute testuan. Gainera, asilo sistemaren erreforma “lehenbailehen eta adostasunarekin” ixtea agindu dute akordioan.