Mundua -
Immigrazioa
Trumpek herrialde musulmanei jarritako migrazio betoak Gorenaren oniritzia jaso du
AEBetako presidenteak emandako azken aginduak Irango, Libiako, Siriako, Somaliako eta Yemeneko herritarren sarrera galarazten zuen.
agentziak | erredakzioa
AEBetako Auzitegi Gorenak oniritzia eman dio Donald Trump presidentearen migrazio dekretuari, gehiengo musulmaneko herrialdeetako pertsonen sarrera mugatzen zuen neurriari. Trumpek lortu duen garaipen judizial handienetako bat da hori.
Bost aldeko boto eta lau kontrako (kontserbadoreak gailendu dira) jaso ditu dekretuak, eta amaitutzat eman dute duela urtebetetik abian zen borroka judiziala.
Epaileen arabera, salatzaileek ezin izan dute egiaztatu dekretuak AEBetako migrazio legeak edo Konstituzioaren Lehenengo Zuzenketa urratzen dituela. Azken horren arabera, AEBko Gobernuak ezin du erlijio bat beste baten gainetik jarri.
Ebazpen horri esker, beraz, migrazio mugak indarrean jarraituko du, eta herrialde gehiagora zabaltzeko aukera ematen dio Trumpi. Presidenteak neurri horien beharra azpimarratu du segurtasun nazionala bermatzeko eta terrorismoari aurre egiteko, Giza Eskubideen defendatzaileen irizpidearen aurka.
Trumpen dekretuak Irango, Libiako, Siriako, Somaliako eta Yemeneko herritarren sarrera mugatzen du. Ipar Koreakoei eta Venezuelako erakundeetako ordezkariei ere eragiten die, baina horien kasua ez zuten salatu.
John Roberts Goreneko presidenteak sinatu du magistratuen gehiengoaren iritzia, eta azaldu du Trumpek atzerritarren sarrera bertan behera uzteko eskumena duela.
Donald Trumpek Twitterren ospatu du Auzitegiaren erabakia: "Auzitegi Gorenak eutsi egiten dio Trumpen bidaien betoari. Wow!".