Mundua -

Argentinako diktadura

Videlari biziarteko kartzela-zigorra ezarri diote bigarren aldiz

Argentinako azken diktaduraren lehenengo presidenteak zigorra bete beharko du oraingoan, izan ere, 1990an Carlos Menem presidenteak indultua eman zion.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Rafael Videla Argentinako azken diktadurako (1976-1983) lehenengo presidenteari biziarteko kartzela-zigorra ezarri diote gizateriaren kontrako krimenak egiteagatik.

Cordobako Auzitegi Federalak biziarteko kartzela-zigorra ezarri die 16 auziperaturi (Videla eta Luciano Benjamin Menendez tarteko), 6 eta 14 urteko kartzela-zigorrak zazpiri, beste zazpi absolbitu egin ditu eta zigorra presondegi komunetan betetzeko agindua eman du (lauren kasuan izan ezik, horien mediku agiriak behar dituzte).

Menendezek, errepresioaren beste sinboloetako batek, gaurkoarekin bosgarren biziarteko kartzela-zigorra du bahiketak, torturak eta hilketak leporatuta.

Hilketak eta torturak

Videlaren zigorra akusazio partikularraren eta fiskalaren eskariz iritsi da. Erregimen militarraren garaian "opositoreak deuseztatzeko" egitasmoa burutu izanaren "arduradun" nagusi izatea leporatzen diote.

Videla, Menendez eta gainerako auziperatuak Cordobako San Martin espetxean 31 preso hiltzeagatik eta 1976an "erakunde iraultzaileen infiltratuak" zirelakoan sei pertsona torturatzeagatik auziperatu dituzte.

Ahozko prozesuan ehun lekukok baino gehiagok deklaratu zuten eta diktadoreak berak justifikatu egin dituen errepresio ekintzen berri eman zuten.

Videlak atzoko epaiketan esan zuen "gerra justua" egin zutela "ondasunen edo pertsonen kontrako erasoak" egin nahi zituzten "terroristak" harrapatzeko eta erregimen marxista leninista bat ezartzea saihesteko.

Gainera, gerrillari "irabazteagatiko ohorea" aldarrikatu zuen eta estatuburu gisa (1976-1980) "ardura guztia" bere gain hartu zuen.

Giza Eskubideen erakundeek espero dute diktadorea gutxi barru eramango dutela Buenos Airesko kartzelaren batera eta bertan hurrengo epaiketaren zain geratuko dela.

1990ean indultua jaso zuen

1985ean, demokrazia ezarri eta bi urtera, Videlari biziarteko kartzela-zigorra ezarri zioten lehenengo aldiz, baina 1990ean Carlos Menem presidentearen indultua jaso zuen.

1998an, berriz, kartzelara itzuli zen adingabeen bahiketa gizateriaren kontrako krimen jo zuelako epaile batek, baina berehala etxeko atxiloaldia lortu zuen.

Zortzi urte geroago, 2006an, beste epaile batek bertan behera utzi zituen bai indultua bai etxeko atxiloaldia, eta Campo de Mayo kartzela militarrera eraman zuten.

Poza biktimen artean

Epaia poz handiz jaso dute biktimek, senideek eta giza-eskubideen aldeko erakundeek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea