Mundua -

Europar Batasuna

Migrazio krisiaren aurrean, EBko mugak indartu nahi dituzte Alemaniak eta Frantziak

Horrez gain, etorkinei asiloa edozein herrialdetan eskatzeko aukera mugatzea proposatu dute. Proposamenak aurrera egiten badu, heltzen diren estatuan soilik eskatu ahalko dute babesa.

Emmanuel Macron eta Angel Merkel. Argazkia: EFE
Emmanuel Macron eta Angel Merkel. Argazkia: EFE
Emmanuel Macron eta Angel Merkel. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Migrazio krisiaren aurrean, Europar Batasuneko mugak indartzea eta etorkinei asiloa edozein herrialdetan eskatzeko aukera mugatzea adostu dute Angela Merkelek eta Emmanuel Macronek. Hortaz, migratzaileek iristen diren estatuan soilik eskatu ahal izango dute babesa, proposamena onartuz gero.

Alemania eta Frantziako agintariek bilera egin dute Meserbergen —Berlin kanpoaldea—, ekainaren bukaeran Europar Batasuneko gobernuburuek egingo duten goi-bilerarako jarrerak adosteko asmoz. Migrazioaren arazo humanitarioa eta Europar Batasunaren erreforma izango dira bertan jorratuko dituzten gai nagusiak.

Europako Batzordeak eta Austriak proposatu bezala, Europar Batasuneko mugan polizia gehiago jartzearen alde dagoela baieztatu du Merkelek, eta, ildo horretan, Europar Batasuneko herrialdeen baitako "bigarren mailako migrazioa" ekidin behar dela erantsi du.

Macronek ere antzeko adierazpenak egin ditu, eta "migrazioaren erronkari" Europak "erantzun bateratua eta koordinatua" eman behar diola azpimarratu du.

Horrez gain, Alemaniako kantzilerrak adierazi du migratzaileei mugatu egin behar zaizkiela asiloa eskatzeko aukerak. Oraingoz migratzaileek edozein herrialdetan egin dezakete asilo-eskaera, baina aurrerantzean iristen diren estatuan soilik egin ahal izatea proposatu du Merkelek.

Migrazioaren arazoa gehien pairatzen duten herrialdeei laguntza gehiago ematea ere galdegin du, Europa hegoaldeko herrialdeei aipu eginez. Atzo Guiseppe Conte Italiako lehen ministroarekin bildu ostean egin ditu adierazpenok.

Angela Merkel eta Emmanuel Macron

(Angela Merkel eta Emmanuel Macron. Argazkia: EFE)

Eurogunea erreformatzea adostu dute Merkelek eta Macronek

Bestalde, Angela Merkelek iragarri du eurogunea erreformatzea adostu duela Emmanuel Macronekin Meserbergen —Berlin kanpoaldea— bi agintariek egin duten bileran.

Zehazki, eurogunearentzat aurrekontu propio bat sortzea eta erreskaterako funtsa eraldatzea adostu dute, Nazioarteko Diru Funtsaren pareko bilakatuz.

Eurogunearen aurrekontua Europar Batasuneko urteko markoaren "paraleloa" izango da eta herrialdeen arteko "konbergentzia" izango du helburu. Erreskaterako funtsa, berriz, "likidezia arazoei aurre egiteko" eta herrialdeei "egonkortasuna emateko tresna gehigarria" izango da.

Horrela, bada, erreskaterako funtsa Nazioarteko Diru Funtsaren pareko bilakatzeko bidean jarriko da, Merkelek azaldu duenez.

Erreskaterako funtsaren aldaketa Alemaniako Gobernuaren eskaria izan da; aurrekontu komuna sortzea, berriz, Frantziako Gobernuarena.

Europar Batasuneko gainerako herrialdeekin erreformaren xehetasunak eztabaidatzea eta adostea izango da hurrengo urratsa.

Macronek esan du erreforma 2021erako gauzatuta egotea dela asmoa.  "Baina orain gainerako bazkideekin erritmoak zehaztu behar ditugu", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Alemania Frantzia Angela Merkel Albisteak Emmanuel Macron