Mundua -
Aldaketak Gobernuan
Madurok Delcy Rodriguez izendatu du Venezuelako presidenteorde
Etorkizunari aurre egiteko Gobernuaren "eraberritze partziala eta sakona" egin du Venezuelako presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
Nicolas Madurok Delcy Rodriguez izendatu du Venezuelako presidenteorde, Gobernuaren "eraberritze partziala eta sakona" egiteko proiektuaren harira. Aurpegi berri gutxi batzuk sartu ditu Gobernuan, eta gehienbat karguak trukatu ditu 1999tik chavismoaren oinarrizko aurpegiak izan direnen artean.
Delcy Rodriguez Asanblea Nazional Konstituziogileko presidenteak Tareck el Aissami orain arteko presidenteordea ordezkatuko du.
El Aissami, berriz, Ekonomiako presidenteorde eta Industria eta Ekoizpen Nazionaleko ministro izendatu du Madurok, "ongizate eta oparotasunaren oinarriak eraikitzeko".
Eduardo Piñate Lan ministro berria izango da, Marleny Contrerasek (orain arte Turismo ministro zen) Herri Lan Ministerioa zuzenduko du, iraganean Diosdado Cabellok (Marleny Contrerasen senar eta chavismoaren bigarrena) zuzendutakoa.
Stella Lugo Turismo ministroa izango da, eta Dante Rivas Arrantza eta Akuikultura ministro izendatu dute.
Iraultza bolivartarreko beste izen batzuk ere sartu dira Gobernuan: Caryl Bertho Emakume Ministerioko burua izango da; Heryck Rangel, Ekosozialismo ministroa; Evelyn Vásquez, Ur Gaietarako ministroa; Mayerlin Arias, Hiriko Nekazaritza ministroa; Hipólito Abreu, Garraio ministroa, eta Yomana Koteich, Atzerri Merkataritza ministroa.
Madurok eskerrak eman dizkie Gobernutik atera direnei eta "Errepublikak bizi izan dituen une gogorrenetan lagundu" diotenei.
"Elkarrekin bakea lortuko dugu, etorkizuna konkistatuko dugu. Erantzukizun berriak dituzue. Gogoan izango zaituztet beti", esan die Madurok Twitter bidez Gobernuan sartu direnei.