Mundua -
Krisia
139 pertsona hil dira jada Nikaraguako protestetan
80ko hamarkadatik herrialdeak jasan duen krisirik larriena bizitzen ari dira. Orduan ere, Ortega zen presidentea.
Agentziak | Erredakzioa
Dagoeneko 139 pertsona hil dira Nikaraguan, herrialdean azken hiru hamarkadatan izandako krisi soziopolitiko larrienaren ondorioz. Nikaraguako Giza Eskubideen Zentroak eman du datu horren berri. Herrialdeak 54 egun daramatza 80ko hamarkadatik izan duen krisi sozioekonomiko larriena jasaten. Orduan ere, Ortega zen presidentea.
Azken biktimak zibilak dira, eta ostiraletik larunbatera arteko gauean hil ziren tiroz, Managua, Masaya eta Jinotega hirietan.
Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak helarazitako txosten baten arabera, Nikaraguako Polizia Nazionalak eta Gobernuaren indar parapolizialak "legez kanpoko hilketak" egiten ari dira, Amnistia Internazionala erakundeak baieztatu duenez.
Daniel Ortega presidenteak manifestarien aurka frankotiratzaileak erabiltzen dituela esan dute Nikaraguako giza taldeek eta herritarrek. Orain arte, sare sozialetan zabaldutako argazkien bidez baino ez dute zabaldu informazio hori.
Ortega presidentearen eta Rosario Murillo presidenteordearen aurkako protestak apirilaren 18an hasi ziren, Gizarte Segurantzan egin beharreko berrikuntza batzuk kale egin ostean. Hori dela eta, dimisioa emateko eskatu zioten Ortegari, agintean eman dituen hamaika urteetan ustelkeria eta abusu delituak egin izana egotzita.