Mundua -

Goi-bilera

Trumpek G7ko adierazpen bateratua errefusatu du, sinatu eta bi ordura

Bestalde, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak esan duenez, G7ren hurrengo goi-bilera Biarritzen izango da. Arrazoietako bat nazioarteko ekitaldiak hartzeko duen esperientzia dela azaldu du.

G7 bilera. Argazkia: EFE
G7 bilera. Argazkia: EFE
G7 bilera. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

G7ko herrialdeek adostu dutenez, "merkataritza librea, bidezkoa eta elkarrentzat onuragarria" funtsezkoa da hazkunderako eta lanerako. Hala adierazi dute Quebeceko (Kanada) Charlevoix herrian egindako bileraren amaieran zabaldutako oharrean.

Zazpi herrialdeek onartutako agirian, "muga-zergak eta bestelakoak" gutxitzeko konpromisoa azpimarratu dute, baita "jokorako zelaia orekatuko duten arau berriak" garatzeko ere. AEBk "merkataritza arloko desabantaila" zuela salatu du Donald Trump presidenteak.

Merkatua desitxuratzen duten subsidioen eta estatu-enpresen jarduera desitxuratzaileen inguruko araudi sendoagoa garatzeko negoziazioa aurten abiatuko dutela azaldu dute testuan.

Horrez gain, "Munduko Merkataritza Erakundea modernizatzeko konpromisoa" berretsi dute Alemaniak, Frantziak, Kanadak, Erresuma Batuak, Japoniak, Italiak eta Estatu Batuek, "lehenbailehen bidezkoagoa izan dadin".

Bestalde, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak esan duenez, G7ren hurrengo goi-bilera Biarritzen izango da. Hori hala izateko arrazoietako bat nazioarteko ekitaldiak hartzeko duen esperientzia dela azaldu du.

Trumpek adierazpen bateratua errefusatu du

Donald Trump AEBko presidenteak errefusatu egin du G-7ko goi bileraren ostean egindako deklarazio bateratua, Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak bileren ondorioei buruz esandakoak "adierazpen faltsutzat" hartu baititu.

"Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak modu otzanean jardun du G-7ko bileretan, ni joan ostean prentsaurreko bat eman ahal izateko soilik, Estatu Batuetako muga-zergak iraingarriak direla eta bera "maneiatzen utziko ez" duela esateko. Ez da zuzena. Gure muga-zergak erantzun bat dira esneari jartzen dioten % 270eko zergen aurrean", idatzi du AEBko presidenteak Twittterren.

G-7ko buruak haien arteko ezberdintasunei irtenbidea aurkitzen saiatu dira Kanadan izan duten bigarren bilera-egunean, baina ia ez da adostasunik izan agendako punturik oinarrizkoenetan. Donald Trump AEBko presidenteak  adierazpen bateratua errefusatu du eta muga-zergak igotzearen mehatxua egin du.

G7 buruzagiek Trumpek Twitterren zabaldutako zakarkeriei jaramonik ez egitea erabaki dute

Donald Trump AEBko presidentearen erreakzioari kasurik ez egitea erabaki dute mendebaldeko agintariek. G7aren goi-bilera amaitu eta handik gutxira babesa kendu zion guztiek onartutako oharrari.

Justin Trudeau Kanadako Gobernuko buruak adierazi duenez, "bileran lortutako guztian dugu arreta jarrita. Lehen ministroak ez zuen aurretik esan gabeko ezer adierazi, ez publikoki ez presidentearekin izandako elkarrizketa pribatuetan".

Kanadako lehen ministroaren bulegoak ez die zuzenean erantzun Trumpek G7aren bilera bukatu ostean bidalitako txioei.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Erresuma Batua albisteak Alemania albisteak Frantzia argazkiak Japonia Ekonomia Gaurko azken ordukoa Italiako albisteak Kanada albisteak