Mundua -
Gobernuaren aurka
Poliziaren eta manifestarien arteko liskar gogorrak izan dira Erroman
Poliziak gogor egin du manifestarien kontra segurtasun kordoia apurtzen saiatu direnean, Madama Jauregian. Harriak, suziriak eta margoak bota dituzte Senatuko eraikinaren aurka.
Erredakzioa
Italiako Poliziaren eta milaka manifestarien artean liskar gogorrak izan dira gaur goizean Erromako erdialdean. Venecia Plazan eta Senatuaren egoitza aurrean izan dira manifestazio jendetsuenak, Silvio Berlusconiren Gobernuaren aurka protesta egiteko.
Poliziak gogor egin du manifestarien kontra segurtasun kordoia apurtzen saiatu direnean, Madama Jauregian. Harriak, suziriak eta margoak bota dituzte Senatuko eraikinaren aurka.
Kazetariekin ere istiluak izan dira. Poliziak ez die gertatutakoa grabatzen utzi, eta zaurituak badaudela jakinarazi dute albiste agentziek.
Poliziaren kargaren ondoren, manifestariak kale ezberdinetatik banandu dira, tartean Navona Plaza eta Panteonetik. Goi Ganbarako ate guztiak itxi dituzte eta senatariei kalera ez ateratzeko eskatu zaie.
Elkarretaratze jendetsuenak Milanen, Turinen, Palermon, Catanian, Cagliarin eta Barin izan dira.