Mundua -
Ipar Korea
Trump eta Kim Jong Un bildu egingo dira azkenean
Estatu Batuetako presidenteak baieztatu du Ipar Koreako buruzagiarekin batzartuko dela ekainaren 12an Singapurren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea eta Kim Jong Un Ipar Koreako buruzagia bildu egingo dira azkenean. Bi agintarien arteko batzarra ekainaren 12an izango da, Singapurren, Trumpek berak baieztatu duenez.
Harremanak "eraikitzen" ari direla eta "urrats positiboak" eman direla esan du Trumpek. "Uste dut prozesu honek amaiera arrakastatsua izango duela", erantsi du.
Kim Yong Chol Ipar Koreako Langileen Alderdiko presidenteordearekin bildu da gaur eta honek Ipar Koreako buruzagiaren gutun bat helarazi dio.
Agerraldian, Trumpek esan du oraindik ez duela eskutitza irakurri, baina komunikabideen esku uzteko prest dagoela adierazi du.
"Nahita ez dut ireki. Gutuna irekitzea nahi zuen galdetu diot eta beranduago irakur nezakeela esan dit. Agian sorpresa handi bat jasoko dut", esan du brometan.
Edonola ere, Kim Yong Cholekin bildu izana "hasiera ona" dela iritzi dio eta Ipar Koreak "herrialde gisa garatu" nahi duela erantsi du.