Mundua -
Quirinale jauregia
Contek Italiako lehen ministro karguaren zina egin du, M5Sren eta Ligaren babesarekin
“Errepublikarekin fidel izango naiz, Konstituzioa eta legeak leial beteko ditut, eta nazioaren interesean jardungo dudala hitz ematen dut”, esan du Mattarellaren aurrean.
Agentziak | Erredakzioa
Italiako lehen ministro karguaren zina egin du gaur Giuseppe Conte legelariak Sergio Mattarella estatuburuaren aurrean, 5 Izar Mugimenduaren eta Iparraldeko Ligaren babesarekin.
Ondoren presidenteordeek zina egin dute, Luigi di Maio M5Sko buruzagiak (Ekonomia eta Lan ministroa) eta Ligako Matteo Salvinik (Barne ministroa). Segituan, gainerako 18 ministroen txanda izan da.
“Errepublikarekin fidel izango naiz, Konstituzioa eta legeak leial beteko ditut, eta nazioaren interesean jardungo dudala hitz ematen dut”, adierazi dute Mattarellaren aurrean. Errepublikako presidenteak izendapenak sinatu ditu, eta Gobernuko kideei bostekoa eman die.
Estatuburutzaren egoitzako Festa Aretoan egin dute zina, Quirinale jauregian. Ministro berriek eta Mattarella presidenteak elkarrekin argazkia atera dute, ekitaldia bukatzeko.
M5Sko gainerako ministroak Giulia Grillo (Osasuna), Danilo Toninelli (Azpiegiturak eta Garraioa), Alberto Bonisoli (Kultura), Elisabetta Trenta (Defentsa), Alfonso Bonafede (Justizia), Sergio Costa (Ingurumena), Barbara Lezzi (Hegoalderako Gaiak) eta Riccardo Fraccaro (Parlamentu Harremanak) dira.
Iparraldeko Ligakoak, ostera, Giulia Bongiorno (Administrazio Publikoa), Erika Stefani (Eskualde Gaiak), Lorenzo Fontana (Desgaitu eta Familien Ministerio berria), Gianmarco Centinaio (Nekazaritza), Marco Busetti (Hezkuntza) eta Giancarlo Giorgetti (presidentetza idazkariordea) dira.
Azkenik, M5Sk eta Ligak hiru teknikari aukeratu dituzte: Giovanni Tria (Ekonomia), Enzo Moavero Milanesi (Atzerri) eta Paolo Savona (Europar Batasuneko Gaiak).
Martxoaren 4an hauteskundeak egin eta ia hiru hilabete geroago, karguaren zina egin du Exekutibo berriak. Negoziazioan oztopoak gainditu behar izan dituzte, ministerioen banaketa eta lehen ministroaren izendapena esaterako. Di Maiok eta Salvinik Conteren figura adostu zuten.