Mundua -

WikiLeaks

WikiLeaksen filtrazioak 'arduragabekeriak' direla esan du Obamak

Bestalde, ehunka pertsona bildu dira Espainiako hainbat hiriburutan webguneari eta Julian Assange haren sortzaileari elkartasuna adierazteko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak adierazi duenez, WikiLeaksek AEBetako diplomaziaren dokumentuak filtratu izana "arduragebekeriaz betetako ekintza deitoragarria" da.

Etxe Zuriak zabaldutakoaren arabera, Obamak horrela adierazi dio Felipe Calderon eta Recep Tayyip Erdogan Mexiko eta Turkiako presidenteei, hurrenez-hurren.

Obamak dokumentu diplomatikoen publikazioa deitoratu du eta, Erdoganekin izandako telefono hizketaldian, gertatutakoak Ankara eta Washingtonen arteko harremanari kalterik ez egitea espero duela esan du.

Erdoganek, bestalde, AKP bere alderdi islamiar eta moderatuko adituei WikiLeaksen eta Turkiari buruzko informazioak idatzi zituzten diplomatiko estatubatuarren kontrako ekintza legalak hasteko zein aukera dauden iker dezaten eskatu die.

Assangeren aldeko kontzentrazioak

Ehunka pertsona bildu dira larunbat honetan Madril, Bartzelona eta Valentzia bezalako hiriburuetan Julian Assange WikiLeakseko sortzailearen askatzea eta erakunde eta webgunearen aurkako jazarpenari amaiera jarri diezaioten eskatzeko.

Erantzukizun sozialaren aldeko hiritarren plataformak (RSCi) "freewikileaks" webgunearen bitartez deituta, manifestariek "Free Assange" eta "Gardentasuna eta askatasuna" oihukatu dute. Gainera, adierazpen askatasunaren eta gardentasunaren aldeko manifestua irakurri dute, "askatasuna eta gardentasuna bere burua demokraziatzat duen edozein gizarteren oinarrizko ondasuna" direlako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea