Mundua -

New York

Harvey Weinstein libre karguekin utzi dute

Manhattan barrutiko Fiskaltzak jakitera eman duenez, Harvey Weinstein auzipetu dute eta lau delitu sexual leporatu dizkiote, horien artean, bortxaketa eta sexu-abusua.

Harvey Weinstein Hollywoodeko produktorea agiri bat sinatzen, New Yorkeko komisaria batean. EFE
Harvey Weinstein Hollywoodeko produktorea agiri bat sinatzen, New Yorkeko komisaria batean. EFE
Harvey Weinsteinek bere burua entregatu du komisarian

1:12

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Harvey Weinstein produktorea bermepean libre karguekin utzi du epaileak, eta lau delitu sexual egotzi dizkio. Errugabea dela defendatu du Weinsteinek. Zinema produktoreak milioi bat dolarreko fidantza eskudirutan edo 10 milioi dolarreko abala aurkeztu beharko du, aske geratzeko.

Gainera, epaileak pasaportea kendu eta bidaiak mugatu dizkio. Horrela, lokalizazio dispositibo bat eraman beharko du Weinsteinek.

Manhattan barrutiko Fiskaltzak jakitera eman duenez, Harvey Weinstein auzipetu dute eta lau delitu sexual leporatu dizkiote, horien artean, bortxaketa eta sexu-abusua bi emakumerekin lotuta. Gertakariak 2004an eta 2013an jazo ziren.

Errugabea dela defendatu du Weinsteinek. Produktorea ostiral honetan entregatu da New Yorken; Tribeca auzoko polizia-etxera joan da 07:30ean (bertako ordua).

Miramax eta The Weinstein Co zinema-estudioetako fundatzaileari sexu jokabide desegokiak, baita bortxaketak ere, leporatu dizkiote 70 emakume baino gehiagok. Salaketen ondorioz #MeToo mugimendua martxan jarri zen. Ehunka emakumek gizon boteretsuak publikoki salatu dituzte. Baimenik gabeko sexu harremanak sekula izan ez dituela azpimarratu du Weinsteinek.

Akusazioak argitara eman zirenetik, entretenimendu industriako pisu astunek Weinstein baztertu dute. Produktorea Hollywoodeko gizonik boteretsuenetariko bat  izan zen. Weinstein Co konpainiako zuzendaritza batzordeak kaleratu egin zuen, eta martxoan porrot egin zuen enpresak.

Besteak beste, Uma Thurman, Salma Hayek, Angelina Jolie, Gwyneth Paltrow, Lena Headey Rose McGowan eta Cate Blanchett aktoreek Weinstein publikoki salatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Indarkeria matxista Ameriketako Estatu Batuak Gizartea Zinema Kultura Albisteak Matxismoa