Mundua -

Venezuela

Espetxean dauden oposizioko 20 kide aske uzteko agindu du Venezuelako Justiziak

Kartzelan daudenen aldeko abantailak eskatu ditu Nicolas Maduro presidenteak, "adiskidetzean" aurrera egiteko.

Maduro, Asanblea Nazional Konstituziogilean / EFE.
Maduro, Asanblea Nazional Konstituziogilean / EFE.
Maduro, Asanblea Nazional Konstituziogilean / EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelako Justiziak kartzelan dauden eta oposizioak preso politikotzat dituen 20 pertsona askatzeko agindu du, Venezuelako Foro Penala (DPV) gobernuz kanpoko erakundeak zabaldu duenez.

Zulia estatuan erregistratu dituzte espetxetik ateratzeko agindu guztiak, Nicolas Maduro presidenteak kartzelan dauden zenbait aurkariren aldeko abantailak eskatu eta gero. Adiskidetze neurri bezala egin du eskaera.

Berria zabaldu duen gobernuz kanpoko erakundeak Venezuelako oposizioak espetxean dituen kideen alde egiten du lan, eta epaitegietan eta kartzeletan ditu kideak. Erakunde horren zuzendariak, Alfredo Romerok, ez du azalpen gehiagorik eman.

Asanblea Nazional Konstituziogilearen ezohiko batzarrean, 2014tik 2017ra "indarkeria politikoan murgilduta egon diren sektore guztiak kalera ateratzea eta politika egitea" espero duela esan du Madurok.

Bere bigarren agintaldirako, sei lerro jarri ditu presidenteak. Lehenengoa adiskidetzeari buruzkoa da, eta aurkariekin hitz egitea eta kartzelan daudenen aldeko abantailak hartzen ditu kontuan, "krimen larriak edo hilketak" egin dituztenak kenduta.

Karguaren zina

Kargua hartzeko ekitaldian egin duen hitzaldian, bere bigarren agintaldian, Ameriketako Estatu Batuen zigor ekonomikoen eraginez, "zailtasun handiak" izango direla esan du Madurok. Donald Trumpen Gobernuak ez ditu hauteskundeetako emaitzak onartu, eta AEBko herritar, erakunde eta enpresei Venezuelako zorra edota bertako Gobernuaren aktibo eta ondasunak erosteko debekua jarri die.

"Ezin diot inori ziria sartu, [zigorrek] zailtasun handiak eragingo dizkigute, gutxika-gutxika gaindituko ditugun zailtasun mingarriak; garaituko ditugu", esan du Madurok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Venezuela Nicolás Maduro gaur Espetxeen azken ordukoa