Mundua -
Sexu-abusu salaketak
Weinstein New Yorkeko Poliziaren aurrean entregatu da
Hollywoodeko produktorea Justiziaren esanetara jarri da, Manhattango Fiskaltzak sexu-abusuengatik bere aurka zabaldutako auzian erantzuteko.
Agentziak | Erredakzioa
Harvey Weinstein Hollywoodeko produktorea gaur entregatu da New Yorkeko Poliziaren aurrean, sexu-abusu akusazioei aurre egiteko.
07:27ean iritsi da New Yorkeko Poliziaren (NYPD) 1. polizia-etxera, erregistroari dagokion prozedura betetzeko. Halaber, hatz-markak hartuko dizkiote eta argazkia aterako diote.
Hollywoodeko produktorea bi pertsona alboan zituela iritsi da polizia-etxera. Atarian, ehunka kazetari zituen zain. Hala ere, Weinsteinek ez du kazetarien aurrean adierazpenik egin nahi izan.
Prozedura poliziala amaitutakoan, epailearen aurrera eramango dute bere aurkako akusazioak ezagutu ditzan. Aurreikuspenen arabera, epailearen aurretik igaro ostean bermepean aske geldituko da. Bertako hedabideek iturri judizialak aipatuz adierazi dutenez, milioi bat eta bi milioi arteko bermea jarriko diote (850.000 eta 1,7 milioi euro artean).
Weinstein Justiziaren esanetara jarri da, Manhattango Fiskaltzak bere aurka zabaldutako auzian. AEBen gaiaren inguruko ikerbidea hasi duen organoetako bat da.
Gutxienez Weinsteinen aurkako beste ikerketa bat martxan da Los Angelesen (Kalifornia). Asteazkenean argitara eman ziren bertsioen arabera, fiskal federalek ere ikerketa propioa abiatu dute.
Daily Newsen esanetan, iturriak auzi bakarra aipatu zuen: Lucia Evans aktoregaiak pairatutako jazarpena; aho-sexua egitea eskatu zion 2004an. Gaiaren inguruan informazioa eman zuen aurreneko komunikabidea izan zen Daily News eta haren ondoren etorri zen NBC telebista.
Paz de la Huerta aktoreak ere Weinsteinen sexu-abusuak jasan zituela salatu du New Yorken. Guztira, 70 emakume baino gehiagok salatu dituzte Hollywoodeko produktorearen jazarpena edo sexu-abusuak.
Weinsteinen aurkako salaketak The New Yorker aldizkarian eta The New York Timesen agertu ziren iragan urrian. Kritika uholdea sortu zuen horrek, eta #MeToo mugimendua sortu zen.
Ondoren, zinema munduko eta komunikabideetako beste pertsona ospetsu batzuk salatu zituzten beste emakume batzuek. New Yorken, Eric Schneiderman estatuko fiskal nagusiak kargua utzi behar izan zuen maiatzaren 7an, akusazioengatik.