Mundua -

Azken filtrazioak

WikiLeaks: 'Katalunia Mediterraneoko gune islamikoa dela diote AEBek'

Orduko enbaxadore estatubatuarraren arabera, AEBek "Aljelia, Tunisia, Rabat eta Frantziako hegoaldeko zonalde horretatik nor eta zer dabilen jakin behar du".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Katalunia da Mediterraneoko gune islamiko erradikal garrantzitsuena", eta jihadek Espainia helburu duela uste dute AEBek, El Pais egunkariak argitaratutako WikiLeaksen azken filtrazioen arabera. Espainiako enbaxada estatubatuarren txostenak kaleratu ditu WikiLeaksek.

Eduardo Aguirre enbaxadore ohiaren 2007ko urriaren txosten sekretu baten jasotzen denez, "Katalunia da erradikal islamisten jardunaren gune garrantzitsuena Espainiako eta AEBetako agintariarentzat".

Espainiako Poliziaren datuak biltzen ditu Aguirreren agiriak. Horren arabera, 60.000 pakistandar inguru bizi dira Katalunian, gehienak gizonezkoak, ezkongabeak eta agirik gabe, halaber, Afrikako iparraldeko etorkin asko daude. "Espainiako gizartetik kanpo bizi dira, ez dute hizkuntza ezagutzen, askotan ez dute lanik, eta euren erlijio duintasunez praktikatzeko leku gutxi dituzte", azaltzen du. "Baldintza horiek terroristak errekrutatzeko egoera ezin hobea eskaintzen dute", gaineratu zuen.

Horregatik, AEBek "Aljelia, Tunisia, Rabat eta Frantziako hegoaldeko zonalde horretatik nor eta zer dabilen jakin behar du", adierazi zuen enbaxadoreak, eta Bartzelonako kontsulatua egoitza bat hartzeko leku aproposa zela proposatu zuen.

Hain zuzen, kontsulatua terrorismoaren aurkako borroka, krimena eta inteligentzia zerbitzuen informazioa kudeatzeko plataforma bilakatzea iradoki zuen. "Gure anfitrioi espainolekin elkarlanean", eskualdeko jarduera kriminalei eta mehatxu yihadistari aurre egiteko, adierazi zuen.

Aguirreren esanetan, jihaden helburu da Espainia eta "talde islamisten gune logistiko garrantzitsua".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea