Mundua -
Gatazka politikoa
Madurok AEBko bi diplomazialari kanporatu ditu 'azpijokoan' ibiltzea leporatuta
AEBko Estatu Departamentuak salaketok ukatu ditu eta "faltsuak" direla esan du.
Agentziak | erredakzioa
Nicolas Maduro presidenteak Todd Robinson eta Brian Naranjo AEBko diplomazialariak kanporatu ditu Venezuelatik "azpijokoan" ibili izana egotzita. Robinson eta Naranjo urtebete baino gutxiago izan dira Venezuelan AEBko negozioen arduradun eta arduradunorde gisa, eta, Maduroren ustez, denbora horretan, "azpijoko militar, ekonomiko eta politikoetan" ibili dira.
Presidente hautetsiak "Venezuelako aberriaren duintasuna babesteko" hartu du diplomazialariak kanporatzeko erabakia; izan ere, AEBk ez ditu maiatzaren 20ko hauteskundeen emaitzak onartu, eta Donal Trumpek zigor ekonomiko berriak ezarri dizkio Venezuelari. Caracasek gaitzetsi egin ditu jada.
"Bukatu dira azpijokoak", esan du Madurok, eta "nazioarteko legea lotsagabe urratu" izana egotzi dio Robinsoni.
Presidenteak jakitera eman duenez, "behin baino gehiagotan eskatu zioten jarrera aldatzeko, pribatuan, publikoan, idatziz eta ahoz", baina "ez zuen etzi eta azpijokoetan jarraitu zuen".
AEBko enbaxada, Venezuelan. Argazkia: EFE.
Robinsonek eta AEBko Estatu Departamentuak salaketok ukatu dituzte, eta "faltsuak" direla esan dute. AEBren eta Venezuelaren arteko harremanak 1999. urtean hasi ziren korapilatzen, Hugo Chavezek Venezuelan iraultza ezarri zuenean.